Gaur berriz bildu dira Zumarragako ArcelorMittal siderurgia lantegiko langile batzordea eta zuzendaritza lan hitzarmenaren inguruko negoziazioarekin jarraitzeko. Bilera amaieran CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek soldata %10 jaistea eta 24 lan ordu gehiago proposatu diote enpresari. Enpresarentzat proposamena ez da nahikoa, eta bilera amaieran ez da adostasunik egon.
Multinazionalaren eskaeraren muina soldata %15 jaistea eta orduak 96 gehiago izatea da. Aitor Maestro UGT sindikatuko ordezkaria da langile batzordean, eta enpresak lan hitzarmena eteteko asmoa agertu duenez, «gure proposamena ituna eten eta lan erreforma aplikatzea baino hobea da», esan du. LABek eta ELAk ez dute proposamen horrekin bat egin. LABeko Asier Sudupek bihar, 12:00etatik 15:00etara lantegiaren atarian elkarretaratzea egingo dutela iragarri du.