Zuhaitz landare banaketa egin dute gaur eguerdian Zumarragan. Pentsatu baino beranduago izan da. 13:00etan, 12:00etan izan ordez. Guztira, 1.578 arbola banatu ditu udalak bertako baserritarren artean. 21 baserrietako ordezkariek jaso dituzte zuhaitzak. Gehienak haritz amerikarrak izan dira, 1.162 hain zuzen ere. Bertako haritzak, gaztainondoak, intxaurrondoak eta lizarrak ere banatu dituzte, besteak beste.
Baserritarrek lizarren eta intxaurrondoen tamainak handiegiak izan direla esan dute. "Landatzeko zailak dira, hain luzeak izanda ez da erraza lurrari ondo heltzea eta haize bolada batek azkar bota ditzake", azaldu du baserritar batek. Beste batek, behar baino urtebete gehiago dutela esan du.
Haritz amerikarrak nagusitu dira beste zuhaitzen artean. Zergatia galdetuta ondokoa agertu du baserritar batek: "haritz amerikarrek 75 urte inguruko bizitza dute. Orduan moztu egin behar dira eta ekonomikoki hobeto ateratzen dela dirudi. Bertako haritzen bizitza infinitua da. Elurte edo haizete batek baino ez ditu botako. Aitzinean etxeen egiturak egiteko gordetzen zituzten, hurrengo belaunaldiek moztu zitzaten".