Apirilaren 12an Zumarragako Alaska tabernan 1980ko hamarkadan eta 1990ekoaren hasieran martxan izandako Tiffanys diskoteka gogoratuko dute; garai hura bizi eta onik atera zirenak elkartuko dira, ez dira denak egongo.
Ez da Gosaria Tiffany’s-en, Truman Capoteren eleberria, baina nobela baterako ematen du Zumarragako Tiffanys diskotekaren istorioak. Ez da tokia bakarrik, lekua zabalik egon zen garaiak erabat baldintzatu baitzuen diskotekaren izaera. Tiffanys diskoteka irekita zegoen jada 1980ko hamarkada hasieran. 1980ean hartu zuten Fermin Aranak eta Juan Ignazio Aitxuk. Beraiekin haize berria iritsi zen Zumarragara, modernitatea, neurri batean.
Diskoteka hartu, eta New Tiff izena jarri zioten. Lagunen artean berritu zuten. Ordurako Aranak Urretxuko Berit taberna zuen, eta Aitxuk lagundu egiten zion. «Beritek hain ondo funtzionatzen zuenez Tiffanys hartzea erabaki genuen», dio Aranak garai hartako oroitzapenak eta lagunak buruan.
Garaiak diskotekaren martxa erabat baldintzatu zuela, eta Aranari nola gogoratzen duen galdetuta ahora datorkion lehenengo hitza industria da: «Urretxu eta Zumarraga industria herriak ziren, eta aisialdirako tokiak beharrezkoak ziren. Golden diskoteka lepo betetzen zen, baina musika aldetik oso klasikoak ziren. Goldenen helduta egiten zen dantza. Guk musika Londresetik ekartzen genuen».
Hasieran New wave eta funkie estiloko musika berriak –Human League, OMD, Spandau Ballet…– arbuioa eragin bazuen ere, gazteria poliki-poliki erantzuten hasi zen; «pijo batzuk ginela esaten ziguten, baina gero sekulako arrakasta izan genuen», dio. Dance musika entzun zitekeen Tiffanysen, eta gazteak Gipuzkoako herri askotatik heltzen ziren. Ez zuten helduta dantza egiten, eta gorputza libre utzita musikari jarraitzen zioten. Rockak ere bazuen bere tokia; «Aitxu neu baino rock zaleagoa zen», dio Aranak.
Droga eta rock&roll-a Tiffanys hartu zutenean heroina eta bestelako drogen kontsumoa gailentzen ari zen. «Guk hori irauli nahi izan genuen eta espazioa berritu genuen. Lortu genuen, eta tarte batean alkohola eta kanutoak kontsumitzen ziren, ezer gogorragorik ez».
Soldadutza itsas armadan egitea egokitu zitzaion Aranari, eta han egon zen bitartean diskoteka itxita egon zen. Bueltan berriz ireki zuten, eta arrakasta itzela izan zen orduan ere. «Diru asko irabazten hasi ginen. Ez zen hori gure helburu nagusia, baina hala izan zen. New York, Londres, Ibiza eta abarrera joaten ginen musika bila. Aitxuk eta biok kontzertu ugari ikusi genituen».
Fermin Arana: Golden diskotekan musika aldetik klasikoagoak ziren; guk Londresetik ekartzen genuen musika”.
Gaztelekuan heroina barruraino sartu zen; goilarak zulatuta zeuden heroina ez urtzeko”.
Arrakastarekin batera arazoak ugaritu zitzaizkien, ordea. Madrilen Alcala 20 diskoteka erre zen 1983an, eta 82 lagun hil ziren. Istripu hark eraginda, Eusko Jaurlaritzak araudia aldatu zuen, eta diskotekek bete beharreko arauak zorroztu zituen; larrialdi irteerak, aire egokitua, erreko ez ziren materialen erabilera… Urtebeteko epean egin beharreko aldaketarik ez zuten egin, eta Tiffanys berriro itxi egin zuten.
Baina, ez zuten betirako itxi. «Inork gugan sinisten ez bazuen ere, irekitzea lortu genuen. Gaztelekura joan nintzen laguntzaile bila, eta bat baino gehiago aurkitu nuen berrikuntza lanei ekiteko». Tiff sortu zuten aurrekoaren errautsetatik, eta arrakasta itzela izan zen berriz.
Bizirik iraun dutenen festa Ordurako heroina zabalduta zegoen Zumarragan. Aranak saminez gogoratzen du droga horrek eragindakoa, baita banatzaileen itzal luzea ere. Ez du, halere, horri buruz luzeago hitz egin nahi. Edozein kasutan, gogoan ditu izan ziren guztiak; areago, horietatik zenbat falta diren. «90 eta 100 lagun inguru geratu zaizkigu bidean. Gaztelekuan barruraino sartu zen, eta kafe-koilarak zulatuta zeuden heroina urtzeko erabil ez zitzaten. Goizeko hamarretarako gazteak kalean zebiltzan heroina bila… Belaunaldi haren zati bat akabatu zuten», dio Aranak. Baina inork ez zekien oraindik Ihesa zer zen, eta inork ez zekien xiringa bera erabiltzeko arrazoi asko zegoela, eta inork ez zekien gaindosi batek bertan behera utzi ahal zituela… «Mendekotasuna sortzen zuela baino ez genekien», zehaztu du.
Ez zen heroina izan, hala ere, Arana esklabo bihurtu zuen droga. Arana kokainomanoa egin zen. Chavela Vargasek irabazitako diru guztia edan egin zuela esaten zuen abesti batean, hark bezala Aranaren mendekotasunak Tiffanysen irabazitako adina xahutzera eraman zuen. 24 urte dira kokaina utzi zuela, eta «oraino psikiatrara» doa, «xehetasun honek norbaiti balio badio…».
Apirilaren 12an hamarkada haietatik bizirik atera zirenek festa bat egingo dute Zumarragako Alaska tabernan Tiffanys gogoratzeko. Izen hori jarri diote jaiari: bizirik atera direnen festa. Super8 kamera batekin 1981eko udaberrian grabatutako bideoa emango dute. Han agertzen diren asko eta asko ez daude jada. Mimoen dantza bat dirudi, gaurkoa ez den estetika batekin jantzita daude, haragi hezurreko pertsonaiak dantzan ari dira, solte, gaua eta askatasun berria hurrupa batez husten. Batzuek garesti ordaindu dute, besteak hemen daude egiazko eleberria kontatzeko.