ETBk laster estreinatuko duen Go!azen telesailaren protagonistetako bat da Barbara Rivas zumarragarra. Aurreneko denboraldian parte hartu eta orain errepikatuko duten aktoreetako bat da, gainera. Gustura agertu da proiektu berriarekin:
Ez zinen Zumarragako Go!azen! telesailaren aurkezpenean egon.
Ez, pena handia izan nuen, baina laneko konpromiso bat nuen eta ezin izan nintzen joan.
Nor izango da Irati zure pertsonaia grabatu berri duzuen kapitulu sortan?
Irailaren erdialdean amaitu genuen grabaketa. Zazpi astetan egin genuen. Oraingoan, Basakabi ikastetxea ingeleseko udalekuetarako zabaltzen da eta Irati ingeleseko irakaslea da maisu irlandar batekin batera.
Dantzak, abestiak, maitasun istorioak, gatazkak… Ildoa aurreko sortako berbera al da?
Bai. Pertsonaia berri asko dago. Gu bigarren mailako pertsonaiak gara, baina pisua izango dugu. Ramon Agirrek zuzendari rola jokatuko du berriro eta harekin liskar bat baino gehiago izango dugu.
Kapitulu bakoitzeko bizpahiru koreografia daude eta telesailaren kokalekua aldatu ez bada ere, Basakabiko kanpoko zati gisa ikusiko dena. Donostian grabatu dugu; igerilekua eta berdegune gehiago agertuko dira.
Zein izan da grabazio laneko alderik politena? Eta astunena?
Politena aktore gazteak lanean ikustea izan da; horrez gain, guk lanerako izan dugun motibazioa eta gogoa.
Astunena hamar kapituluak horren denbora gutxian grabatu beharra izan da. Gure lana ongi egiteko grina eta denbora muga uztartzea ez da erraza izan. Edonola ere, gozatu egin dugu.
Estreinaldiek xarma berezirik izan al dute?
Gasteizeko Telebista Jaialdikoa berezia izan zen, alfonbra laranja eta guzti! Niretzat, halere, Donostiako Kurtsaalean egin genuena izan zen ederrena. Orain, telesailaren lehenengo kapitulua herrietan aurkezten hasi dira.
Zergatik gustatzen zaie Go!azen! haurrei?
Egia esateko, beraiei zuzendutako proiektu gutxi dago. Musika, dantza eta identifikatuta sentiarazi ahal dituen proiekturik ez dago apenas. Are gutxiago euskaraz.
Zein beste proiektu duzu orain eskuartean?
Dokumental batean parte hartu dut. 1936ko gerran 1.000 bat haur zein emakumezko kanporatu zituzten eta haiei buruzkoa da. Giza Eskubideen Jaialdian estreinatzekoak dira, martxoan.