Lourdesko Ama elizan beltzez jantzita zeuden Irrintzi dantza taldeko taldekideak eta zuri gorriz Lurra dantza taldekoak. Sekundino Esnaola musika eskolako seikote baten ahotsa barreiatu da elizan Amaia Aranburu eta Alex Diaz aurkezleek hitz hartu dutenerako. Aurreko bankuetan Urretxu-Zumarragako Ikastolako hamalau irakasle ohi eta gaur-gaurkoz jardunean ari direnak ere. Bakoitzak bere alea jarri du urte luzeetan ikasmateriala sortzen.
Hona hamalaukoa:
- Nekane Agirre Erostegi
- Mikel Aldasoro Agirre
- Eli Aramendi Valdivieso
- Ramon Azurmendi Lasa
- Belen Baztarrika Juanes
- Izaskun Bernaras Iturrioz
- Mari Jose Elkarresta Atxukarro
- Iñaki Etxezarreta Alberdi
- Maite Imaz San Miguel
- Elisabet Lete Azpiazu
- Arantxa Leunda Larrarte
- Batis Maiz Agirre
- Merxe Serna Elgarresta
- Juani Zabaleta Lazkano
UZ Ikastolako –Lourdesko Ama Ikastola garai hartan– irakasleek Joxan Ormazabalen eta Iñaki Zubeldiaren enkarguz hasi ziren ikasmaterialak egiten. Orduan euskaraz ez zegoen ezer, irakasleen irudimena eta ingurunea ziren erreminta bakarrak. Hala hasi ziren idatzizko materiala biltzen: Kuxkux, Xirimiri, Zipristin, oporretako koadernoak…
Beste ale garrantzitsu bat ere jarri zuen UZ Ikastolak. Hain justu, Batis Maiz irakaslearen ikus-entzunezko alorrarekiko zaletasunari esker, argazki artxibo bat sortu zuten. Udako opor batzuetan Euskal Herrian barrena ibili ziren Maiz eta Iñaki Etxezarreta lankidea. Etxezarretak aitaren autoa hartu zuen eta Maizek kanpin-denda soil bat. Hala egin zuten bidaia eta bidaia hartatik sortu zen 400 diapositibatik gorako bilduma. Maizek azaldu duenez, “hizkiekin zailtasunak zituzten haurrekin irudiak eraginkorragoak zirela jabetuta ekin genion lanari, metodologia errazteko, alegia”. Bilduma hura ikastolako artxibo bat osatzeko erabili zuten eta Elkar argitaletxeari eman zioten gero.
Elisabet Lete Ikastolako irakasleak “Internetik ez zegoen garaian” nola aritzen ziren gogoratu du, “postaz egiten genituen material bidalketak. Estualdi batzuk ere pasa genituen arren, asko ikasi genuen. Ikastolako galdara-gelan lan egiten genuela esaten genuen handik gertu aritzen baikinen”.
Iñaki Etxezarreta omenduak ikastolak euskarazko hezkuntza “asmatu” zuela esan du omenaldian, “ikasmaterialak gakoa izan ziren prozesu hartan”. Nabarmendu du, baita ere, Elkar argitaletxearen eta Ikastolen Elkarteko lankidetza mugarri izan zela. Omendu guztien izenean hitz egin du eta haien senideei keinu bat egin die, “ikastolatik atera eta etxera ikastola ahoan joaten ginelako”.
Bitartean, kanpoan euri zaparradak tarteka, eta eguzki printzak ere sartu dira elizako beirateetatik. Omenaldiaren amaieran Urretxu-Zumarragako Ikastolak lekukoa pasa dio Zarautzeko Salbatore Mitxelena Ikastolari. Datorren urtean ziklo amaierako KMK jaia han izango da eta hasi dira jada lanean eta UZ Ikastolakoei orain arteko laguntza eskertu die, baita aurrera begira ere gertu izango dituztenaren esperoan hartu du lekukoa Eneko Ameztoi Zarautzeko Ikastolako lehendakariak.