Laida Elizegi eta Ander Iñarra gailendu dira gaur UZ Trail mendi lasterketan, Goierri Kopako bigarren frogan. Trail modalitatean, hau da, ibilbide luzean izan dira garaile Urretxun eta Zumarragan ospatu den lasterketan. Sprint modalitatean berriz, Mikel Zabalegi eta Ainhoa Unanue izan dira lasterketa-buru.Ia 300 pertsonek hartu dute parte guztira Goierri Garaia klubak antolatutako frogan, 160 inguruk ibilbide luzean eta 130 inguruk motzean.
Trail modalitatean parte hartu dutenek 22 kilometro osatu behar zituzten, baina antolakuntzako akats baten ondorioz gutxiago egin behar izan dituzte. Goizeko 10:00etan irten dira korrikalariak, Areizaga-Kalebarren plazatik. Sprint modalitatean, berriz, 11 kilometroko ibilbidea osatu dute. Bigarren hauek 10:05etan irten dira, toki beretik.
Sari banaketa 13:45etan egin dute. Ibilbide luzeko irabazleek txapela, garaikurra, saskia eta hurrengo urteko izen-ematea jaso dituzte opari. Bigarren eta hirugarrek, saskia eta izen-ematea lortu dituzte. Ibilbide motzekoek, ordea, garaikurra, saskia eta izen-ematea jaso dituzte. Bigarren eta hirugarrenek, aldiz, garaikurra eta izen-ematea.
Gaurko lasterketaren ondoren, Goierriko Kopako uneko liderrak honakoak dira: Sprint kategorian, gaurko eta Garingo lasterketako emaitzak kontuan izanda, Ainhoa Matxinandiarena eta Mikel Zabalegi. Trail kategorian berriz, gaurkoa izan da lehen lasterketa eta Laida Elizegi eta Martin Diez daude oraingoz lidergoan.
Hurrengo lasterketak Arriaranen, Gabirian, Seguran, Zerainen eta Idiazabalen izango dira. Aurten goierritarren sailkapenaz gain, sailkapen orokorra ere egongo da.
Horra hor Gotzon Aranburuk prestatutako bideoa.