Bihar Santa Lutzi feria ospatuko dute Zumarragako eta Urretxuko kaleetan. Aurten 415 postu jarriko dituzte eta denetik erosteko aukera egongo da. Gainera, egitarau zabala antolatu dute.
Festa gaur hasiko da, Urretxuko Iparragirre plazan, Arabako Errioxako ardo azokarekin. 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Gainera, Urretxuko udaletxeko portaloian ardo dastaketa egingo dute. 19:00etan hasiko da.
Egun handia bihar izango da. Goizean zehar bi herrietako kaleetan denetik ikusi eta erosteko aukera egongo da: ganadua (Urdaneta hiribidean), nekazaritzako tresnak (La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan), Euskal Herriko produktuak (Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan), eskulanak (Zumarragako Zelai Arizti parkean eta plazan eta Urretxuko Iparragirre kalean) eta Arabako Errioxako ardoa (Urretxuko Iparragirre plazan).
Aipatzekoa da ganadu lehiaketako animaliak Beloki pilotaleku ondoan egongo direla. Aurreko urteetan Legazpi dorretxearen ondoan egon dira. Zumarragako Udalak artisauak ere tokiz aldatzea erabaki du. Trintxeratik Zelai Arizti parkera eta plazara eraman dituzte, protagonismo handiagoa izan dezaten. Hala, arropa eta osagarri postuak trintxeran egongo dira.
Lehiaketei dagokienez, ganadu, errezil sagar, fruta eta barazki lehiaketez gain, ezti, oilasko eta kapoi lehiaketak egongo dira. Ezti lehiaketan Goierri garaiko ekoizleek parte hartuko dute. Urretxuko Areizaga kaleko arkupeetan egongo dira. Oilaskoak eta kapoiak Areizaga-Kalebarren plazan egongo dira. Sariak hor bertan banatuko dituzte, 13:30ean.
Ekintzei dagokienez, haurrek zaldian ibiltzeko aukera edukiko dute: 11:00etatik 14:00etara, Zelai Arizti parkean. Gainera, goiz osoan zehar, bi herrietako musikariek kaleetan joko dute.
12:30ean, Ederrena pilotalekuan, herri kirol erakustaldia egongo da. Hiru aizkolari bikotek neurtuko dituzte indarrak: Arria V.a (Errezil)-Mugertza II.a (Mutriku), Julen Alberdi (Azkoitia)-Jon Irazu (Zizurkil) eta Iñaki Azurmendi (Arriaran)-Xabier Zaldua (Zumarraga). Hiru harri-jasotzaile ere arituko dira: Zelai V.a (Mallabia), Inhar Urruzuno (Ondarroa) eta Imanol Albizu (Elgoibar). Sarrera doan izangoda.
Handik gertu, Zubimusu plazan, artzain txakur erakustaldia egongo da. Antzarekin lan egingo dute, 13:30etik aurrera.
Arratsaldean, berriz, pilota jaialdia eta idi probak egongo dira. Pilota jaialdia Ederrenan izango da, 17:30ean. Partida nagusia binakako txapelketakoa izango da. Irribarria aramarrak eta Zabaletak, Artola eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute.
Idi probak Zumarragako plazan izango dira, 18:00etan. Asier Izagirreren idiek eta Patxi Aranberrirenek neurtuko dituzte indarrak. Urretxuko eta Zumarragako finala izango da. Gainera, Inazio Soraluzeren eta Iñaki Irigorasen idiek erakustaldia egingo dute.
Bisitarientzat lehiaketak
Herritarrek eta bisitariek bi lehiaketatan parte hartzeko aukera ere edukiko dute. Wally eta bere hiru lagunak aurkitu eta beraiekin argazkiak ateratzen dituztenek bi Bertatik Bertara otarren zozketan parte hartuko dute. Argazkiak Areizaga-Kalebarren plazan egongo den karpan aurkeztu behar dira.
Argazki rallya ere egongo da. 09:00etatik 10:00etara eman behar da izena, Urretxuko kultur etxean.
Udalek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Autoz etortzea erabakitzen dutenek aurten aparkaleku bat gehiago izango dute: ospitaleko aparkaleku berria. Ostiralean inauguratuko da, baina Santa Lutzi egunerako irekiko dute.