Urte berrian sartzen garenean elkarri urte zoriontsua opa diogu baina hasitako urtearen aurrean makina bat kezka izaten dugu. Guk, M. Jose Bermejorengana jo dugu, Urretxuko azti eta etorkizun igarlearengana, 1996 urtea zer-nolakoa izango den galdetzera eta bide batez hain iluna dirudien azti-mundu hori pixka bat hobeto ezagutzera.
OTAMOTZ: Noiz hasi zinen gaitasun horretaz jabetzen?
M.J.B.: Gaztetxoa nintzenean ere inguruan gauzak gertatzen ziren, baina nire semearen heriotza hogeita lau ordu lehenago aurreikusi nuenean, orduan, jabetu nintzen gaitasun horretaz, baina badakizu, gaitasun hori nik neure buruari onartzea kosta egin zitzaidan. Hasieran lagunentzat hasi nintzen gauzak egiten baina pixkanaka-pixkanaka zabaldu egin da. Garai batean herritik kanpo herrian baino ezagunagoa nintzen, pentsa ezazu Dominikar Errepublikatik ere deitu izan didate. Herrian gutxiago, guri asko eskatzen digute, beti asmatu egin behar duzu, eta herrian ez asmatzeak beldur handiagoa ematen dizu, herrian batzuk ezagutzen ninduten baina ez orain bezala. Herrian, Ordesan desagertuta zegoen I?akiren gorpua aurkitzeko eman nuen laguntzaren ondorioz naiz ezaguna. Jendeak konfiantza handia izan zuen niregan, oso babestua sentitu nintzen. Handik aurrera sinesten ez zuena sinesten hasi zen, geroztik jendeak errespetu handiagoa dio nik egiten diodanari.
O: Baina jendeak azti-igarle munduari beldur handia dio.
M,J.B.: Bai, hori egia da. Guk beste edozein pertsonak baino psikologia handiagoa behar dugu. Dena ezin diozu esan, egia osoa ezin diozu inoiz esan, prestatu egin behar duzu.
O: Zer nolako jendea etortzen zaizu?
M,J.B.: Denetik, aberatsak, behartsuak, legegizonak, erlijiosoak, gazteak… gazte asko, beharbada %80a. Hauen galderak maitasunaren eta ikasketen inguruan izaten dira. Azterketak dituztenean ere etortzen dira, baina noski, ez badute ikasi ez dute gaindituko, baina lasaitzen laguntzen diet. Erietxeetatik ere etortzen dira, gaixo batek gaitza non daukan jakiteko etortzen dira, ez dira sendatzera etortzen baina bai lasaitzera, minik ez izatera, nire laguntza jasotzera hitz batean. Negozio berriren bat ireki behar dutenak ere etortzen dira, desagertutakoak… Bermeoko gurutze gorriarekin lan egin dut itsasoan desagertutakoak aurkitzeko… 95. urtea ona izan da, desagerpen gutxiago izan baita baina desagerpenak direla eta egun berean zazpi dei ere izan ditut. Animaliak ere aurkitzeko etortzen dira… Ahotsagatik, begiradagatik, ibileragatik, pertsona nolakoa den jakin dezakezu (eta hemen elkarrizketa hauen egileari ikusten zizkion ezaugarriez hitz egiten hasi zen, eta aitortu behar dudanez gauza asko asmatu zuen). Beti burua errespetatu behar duzu, ezin zara barruan sartu, ezin da arazoa handitu, irtenbidea eman behar zaio beti.
O: 1996 nolakoa izango da Urretxu eta Zumarragakoentzat?
M.J.B.: Nik gaztedi oso sanoa ikusten dut. Gaztedia kontzertuen bidez adierazi nahi da, negatiboa dena kontzertuen bidez bota nahi dute kanpora. Helduek eskaini diegunerako gaztedi ona daukagula esan dezaket. Zumarragako eta Urretxuko gazteen artean elkartasun handia ikusten dut.
- Ekonomia arloan urte hobeak egon direla esan daiteke, baina 96an ez da dendarik itxiko, ez da okerragora joango, beharbada zertxobait hobetuko da. Lanpostuak egongo dira, baina beti behin- behinekoak. Lantegirik ez dela itxiko uste dut. 96an mantendu edo zertxobait hobetu egingo da, baina ez gara okerragora joango.
- Politika arloan, herri mailan, gauzak antzera jarraituko dute. PSOEk indar handia izaten jarraituko du. Espainia mailan berriz, argi dago PPk gora joko duela.
- Euskara herri mailan indarra hartzen ari dela eta indartuz joango dela ere uste dut.
- Gure herritar bat urte batzuk barru pertsonaia oso garrantzitsua izango dela argi eta garbi ikusten dut.
- Euskal Herri mailan gauzak okerrago ikusten ditut, ez dut irtenbiderik ikusten, lan egoera ez da hobetuko. 96an gauzak okertu egingo dira, ez dira eseriko hitz egitera eta arazoak areagotu egingo dira. Etorkizunean lehendakari gaztea ikusten dut, honek era desberdinean egingo du Jan, ideia berriak ekarriko ditu, agindutakoa beteko du, berarekin etorkizun hobea izango du. Estatu mailan garbiketarekin jarraituko dugu, oraindik ezkutuan dauden makina bat gauzaren berri izango dugu, 96an gauza asko argituko da. Ez da izango urte lasaia, ez horixe.
O: Entzun dut, irratian programa bat daukazula.
M.J.B.: Bai, Segura Irratian hamabostero programa bat egiten dut. Larunbatetan egiten dut, arratsaldeko 5etatik 5:30era lehiaketatxo bat izaten dut eta gero gai interesgarriei buruz hitz egiten dut. Orain, adibidez, urte amaiera – urte hasiera dela eta, urtea ondo hasteko erritualak azaldu ditugu. Horrez gain eta irratiz kanpo, erlaxatzeko moduak ere irakasten ditut astearte eta asteazkenetan.