Guztiok batera euskararen aldeko giza katera
Giza katea Zintzo-Mintzok euskararen alde antolatzen duen ekitaldia da, irekia, hau da, edozein adinetako pertsonak parte har dezakeena.
Aurten giza katea, ekainaren 29an, koadrilen egunean, egingo dugu arratsaldeko zortzi eta erdietan. Guztiok Euskadi plazan bilduko gara trikitilariekin, dantzariekin, txalapartariekin, erraldoiekin, hanka-paloekin, dultzainajoleekin, txistulariekin eta kalea girotuko duten beste hainbatekin eta eskua batak besteari luzatuz, bi herriak katea batez, lotzen saiatuko gara.
Ekitaldi hauen bidez, euskara lokarri dugula kateak bi herriak ingura eta lot ditzan nahi dugu. Katea horren bitartez, euskara irudikatu nahi genuke, lotzen gaituen zerbait bezala. Katea hori bakoitzaren barruan lot eta zabal dadila lortzea da helburua.
Beraz, borra bi erronka:
- Euskaragatik bi herriak ingura eta lot ditzakegula erakustaraztea nahi dugu. Egun bateko asmoa genuke hau.
- Urteak dituen 365 egunetan buru belarri euskararen al de lanean ari gaitezkeela apustu egin. Denbora luzerako asmoa genuke.
Bietan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu.
EUSKARA, abestia
Aurten bi herriei bira eman ondoren, Zumarragako Euskadi plazara zuzenduko gara eta han guztiok bilduz estreinako aldiz “Euskara” kantu berria kantatuko dugu aho batez. Abestia herritarrek osatu dute elkarlanean eta helburu bakarra izan dute gogoan: Euskara.