Zintzo-Mintzo elkarteak Urretxu eta Zumarragako Udalekin hitzarmena sinatua du eta hitzarmen horrek elkarteak Zumarragako jaietan euskaltzaleak elkartuko dituen kultur ekitaldiren bat antolatu behar duela jasotzen du. Zintzo-Mintzoren helburua festetan eta gizartean presentzia izatea ere badenez, txosnak eta bere inguruko kultur ekitaldiek horretarako aukera bikaina eskaintzen dute.
Antolaketa lana Zintzo-Mintzok bere gain hartu badu ere, helburua elkartea herrira zabaltzea izanik, alor desberdinetako jendea arituko da txosnan lanean. Ikastetxeetako, koadriletako… 40 bat lagun izango dira txosnan lan egingo dutenak.
Lagun hauek guztiak ostegun arratsaldean hasiko dira lanean, egun horretan irekiko baita txosna. Santa Isabel bezpera den horretan, bi ekitaldi izango dira: 20:00etan Bertso Eskolako gaztetxoek bertso-trama eskainiko dute eta 22:30ean Patxi Saiz abeslari getariarrak eta bere taldeak, Juan Luis Aranburu herritarra tartean, kontzertua eskainiko dute.
Ostiralean, Santa Isabel egunean, ez da kultur ekitaldirik izango Kalebarren-Areizagako txosnan. Txosna jaitsieraren ostean irekiko da eta, bertan, goizean goiz hasitako parrandarekin jarraitzeko aukera izango dugu.
Larunbat eta igandean txosna goiz eta arratsaldez irekiko da. Larunbatean, 22:30ak aldera, Morau kantari hernaniarraren kontzertua izango da. Igandean, berriz, bi ekitaldi izango dira: 19:00etan Bertso Eskolakoen bertso saioa izango da eta 20:00etan Gorka Hermosa akordeoilariak kontzertua eskainiko du.
Bestalde, iazko moduan, txosna inguruan Gotzon Aranburuk ateratako argazkien erakusketa izango da. Aurten, Gotzonek azken urtebetean Zumarraga-Urretxun jazo diren gertakariak eta antolatu diren ekitaldiak erakutsiko dizkigu bere argazkien bidez.
Ekitaldi hauez guztiez gain, euskararen normalizazioaren aldeko itsaski zozketa berezia ere izango da. Zintzo-Mintzok 2.000 txartel jarri ditu salgai, normalean baino 1.000 gehiago, eta zozketa igande arratsaldean izango da.
Zintzo-Mintzo elkarteak euskaltzale gunea urtero antolatzeko asmoa du. Izan ere, aurreko bi urteetan jende asko mugitu da, lan talde polita osatu da eta oso giro atsegina sortu da txosnaren inguruan.
HITZA: Goierriko albisteak egunero etxean
Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartekoek, txosnak dirua ematen badu, diru hori guztia Goierriko HITZA euskarazko eskualdeko egunkaria martxan jartzen laguntzeko erabiltzea erabaki dute.
Hitza Euskal Herriko hainbat eskualdetan kaleratzen da dagoeneko: Tolosaldean, Oarsoaldean, Lea-Artibai eta Mutrikun eta Urola Kostan. Egitasmo honen bultzatzailea den Bertako Hedabideak-en asmoa urte amaierarako Goierrin ere Hitza kaleratzea da.
Goierriko HITZAren sustatzaileak Berriak sortutako Bertako Hedabideak bera, Goierritarra aldizkaria, Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Goierriko gizarte eragileak izango dira.
Hauen guztien asmoa egunero, astelehenetan eta abuztuan izan ezik, zortzi orrialdeko euskarazko egunkaria Goierriko 22 herrietan banatzea da. Printzipioz, zortzi orrialde hauetatik lautan Beasain eta inguruko herrietako informazioa jorratuko da eta bitan Legazpi, Urretxu eta Zumarragako informazioa. Egunkaria doan eramango zaie egunero etxera Goierritarra eta Otamotz aldizkarietako harpidedunei eta eskatzen duten gainontzeko goierritarrei.
Egunkari berriaren helburu nagusia euskararen normalizazio bidean Goierri mailako komunikabideak osatzea izango da; Berriak eta herri aldizkariek eskaintzerik ez duten eguneroko euskarazko herri informazioaren hutsunea betetzea, alegia. Baina proiektuak beste helburu batzuk ere baditu: euskara, euskararen inguruko mugimenduak eta euskaltzaletasuna sustatzea eta laguntzea, euskararen normalizazioa eta garapena lortzeko baliagarria izatea, herritarrei eta taldeei hitza ematea, Goierriko eta Euskal Herriko euskarazko komunikabideen artean elkar ezagutza handiagoa lortzea eta euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzea.
Helburu hauek guztiak lortzeko bidean, Goierriko HITZA euskaltzalea, anitza, orekatua, baterakoia, parte-hartzailea, independentea, konprometitua eta profesionala izango da.