Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Goierri garaiko lau udalek martxoaren 8ko adierazpen instituzionala onartu dute. Adierazpen horren bitartez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunarekin bat egin dute. Koldobike Olabide Legazpiko alkatearen hitzetan, udalak «funtsezkoak» dira berdintasunaren alde lan egiteko, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako.
Adierazpen instituzionalaren baitan, hainbat konpromiso hartu dituzte Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko Udalek: emakumeen parte hartzea sustatzeko neurriak hartzea, berdintasuna udaletako agenda politikoaren erdigunean jartzea, genero indarkeria salatzea, emakume eta haur errefuxiatuen beharrak kontuan hartzea, eta Europari eskatzea indarkeriaren prebentziorako eta biktimen babeserako lege bateratuak sortzeko.
Mikel Serrano Zumarragako alkatearen esanetan, adierazpen horrek jarraipena ematen dio udalek orain arte egindako lanari. «Europako gutuna sinatuta, berretsi egiten dugu berdintasunaren aldeko gure konpromisoa».
Bestalde, martxoaren 8aren jiran, egitarau bateratua osatu dute lau herrietako elkarteek. «Indarrak batu eta elkarte ezberdinek antolatutako ekintzak argitara ateratzen saiatu gara», adierazi du Jon Luquik, Urretxuko alkateak.
Azkenik, Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak eskerrak eman dizkie berdintasunaren alde lanean ari diren emakume guztiei, «Urola garaiko emakumeen bizitza hobetzen saiatzeagatik».
Beasainen eta Ordizian
Beasaingo Udalak ere bat egin du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunarekin. Ordizian, berriz, aho batez onartu zuten azken osoko bilkuran berdintasunaren aldeko adierazpen instituzionala. Adierazpen horren bidez, emakumeen eskubideak bermatzeko eta gizarte parekide bat lortzeko lan egiteko konpromisoa hartu zuen Ordiziako Udalak.
EGITARAUA
Gaur
- 10:00. Antiora igoera eta bazkaria. Iratzarri Elkarteak antolatuta.
- 19:30. Elkarretaratzeak, Ongizatearen bidean aliantza feministak josiz! lemapean. Legazpin, Euskal Herria plazan. Urretxu-Zumarragan, Areizaga-Kalebarren plazan.
Bihar
- 10:00. Tabakalerara bisita. Mairi Elkarteak antolatua.
Martxoak 11, ostirala
- 17:00. Mairi Elkartearen 25. urteurreneko ospakizuna. Mairiren lokalean.
Martxoak 12, larunbata
- 10:00. Larrunera igoera. Iratzarri Elkarteak antolatuta.
- 11:00. Hitzaldia: Kurdistango askapen mugimendua eta emakumeen papera. Samara Velte kazetariaren eskutik. Urretxu-Zumarragako gaztetxean.
- 14:30. Emakumeen bazkaria. Zumarragako jubilatuen etxean. Izena emateko: 943 72 58 29.
- 17:00. Emakumeen trikipoteoa, Zumarragako kaleetan.
- 23:00. Kontzertua: Mis ovarios 33. Urretxu-Zumarragako gaztetxean.
Martxoak 13, igandea
- Igartubeitin, Emakumeak Landa Ingurunean jardunaldia. (Izena emateko azken eguna, etzi).
- 12:30. Bertako hazi barietatearen garrantziaren aurkezpena.
- 12:45. Hazien inguruko helduentzakok tailerra, Jaime Ortiz de Urbinarekin.
- 12:45. Hazien inguruko tailerra, haurrentzat.
- 14:30. Bazkaria. Helduen menua: bost euro. Haurrena: hiru.
- 16:30. Amama filmaren emanaldia.