Urolako jokalaria izan zen, baina futbola utzi behar izan zuen gerri distrofia muskularraren eraginez
Iker Plazaola gazteak ohorezko sakea egingo du larunbat honetan Urolaren gizonezkoen lehen taldeak eta Lagun Onak taldeak jokatuko duten partidan. Partida Argixaon jokatuko da, 16:00etan. Urolak Argixaora egin zuen bisitagatik eskerrak eman nahi dizkio. Plazaolak gerri distrofia muskularra du eta irailaren 26an lehen taldearen entrenamendura joan zen eta bere gaixotasunaz hitz egin zien jokalari eta entrenatzaileei.
Plazaola Urolako jokalaria izan zen umetan. Atezaina, hain zuzen ere. Baina futbola utzi behar izan zuen aipatutako herentziazko gaixotasuna dela eta. Gaixotasun horrek muskulu ehunaren galera dakar. Kirola egiten jarraitzen du hala ere, eta honek gaitza moteltzen laguntzen dio. Ordiziako Gureak enpresan lan egiten du eta psikologia ikasten ari da urrutiko unibertsitatean. Ausardiaz egiten dio aurre egunerokotasunari, oztopoak gaindituz eta egoera berrietara egokituz.
“Kirolean, eta bizitzan oro har, ezbeharrei probetxua ateratzen ikasi behar dugu, daukagunaz gozatzen eta gure onena ematen”, esan zien Urolako jokalariei. “Ikasgai ederra eman zien bere hitzak entzuteko aukera izan zuten Urolako kideei”, aipatu dute Urolako arduradunek.