Eguzki talde ekologistak Matxinporta industrialdearen parean Urola ibaira zaborra bota dutela salatu du. “Arazo kronikoa da eta ingurumenaren aurkako delitua dela esan behar da. Isunak 901 eurotik 45.000 eurora bitartekoak dira. Ibaietara botatzen den zaborrak ibaiak eta itsasoa kutsatzen ditu eta aldaketa klimatikoan, biodibertsitatean eta gizakion osasunean eragina du. Hori dela eta, udalari eta uraren euskal agentziari zaborra Urola ibaitik ateratzeko eta arazoari aurre egiteko eskatu nahi diegu. Matxinportan neurriak hartu behar dituzte, berriro halakorik gerta ez dadin. Izan ere, 2022ko maiatzean eta 2020ko urrian ere Matxinporta parean Urola ibaira zaborra bota zutela salatu genuen”.