Antion jardunaldi bat egin dute, hiru adituren hitzaldiekin eta herritarren mahai-inguruarekin. Hiru arlotan ardaztuko du EH Bilduk bere jarduera: esparru klimatiko-industrialean, zaintzan eta gobernantzan.
Zumarragako EH Bilduk gogoeta eta hausnarketa eguna du gaur. Antioko interpretazio zentroko aretoan 40 bat lagun elkartu dira goizean, eta etorkizuneko udal politikagintzaren eta herriko lan-ildoaren norabidea finkatu dute.
Hiru adituren hitzaldiekin hasi da jardunaldia. Matia Fundazioko Maider Azurmendik, Fagor taldeko Aritz Otxandianok eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik hitz egin dute. Otaegik, Errenteriaren eta Zumarragaren antzekotasunak aipatu ditu, bai soziologikoki, eta bai udal kolore politikoaren inguruan: “Errenterian ere alderdi sozialista 28 urte egon zen agintean, baina aldaketa posible dela erakutsi zuen EH Bilduk, 2011n”.
Gobernantzari buruzko irakurketa eta kudeaketa politikoa izan ditu hizpide Otaegik. Bere alderdiak, aurreko aldian bezala, hurrengoan ere eskema bera errepikatuko duela azaldu du: “Bizitza duinak” abiapuntuan jarri, horren inguruan komunitate kohesionatu bat sortu, eta azkenik inguru bizigarria eraikitzea da egin beharreko bidea. Gobernantza partekatuaren barruko multzo gisa kokatu ditu hiru arlo horiek; aldi berean, gobernantza partekatua, “boterea partekatzea” dela argitu du.
Herritartasuna garatu beharra dagoela defenditu du Errenteriako alkateak, “gutasuna” landuta eta herritarrak inplikatzeko bideak irekita. Harreman sareak sendotu, herritarren ekimenari bide eman (instituzioen markoti nahiz auto-eraketaz), ezberdin pentsatzen dutenekin lan egiten ikasi, eta lorpenak partekatu behar direla azaldu du; “lorpenak ez dira instituzioarenak, herriarenak baizik”.
Aldi berean, Errenterian indarrean dituzten lan moldeak ere azaldu dizkie zumarragarrei: etorkizuna eraikitzeko prozesuak antolatu, aholku kontseiluak sortu (12 dauzkate Errenterian), ekipamendu komunitarioen kudeaketa partekatu, auzo batzarrak bi urtean behin (15 auzo daude), eta ausazko metodologiarekin, tarteka zozketaz herritar talde bat gonbidatu udal programaren eta lanaren aztertzaile/kritikari izateko.
Zumarragako etorkizunei buruzko gogoeta herritarren arteko mahai-inguru batekin osatu dute, jardunaldiaren bigarren zatian. Gaur egungo udal taldearen bozemaile Josu Aztiriak aurreratu duenez, hiru esparrutan jardungo du Zumarragan EH Bilduk, bereziki klimatiko-industrialean, zaintzaren arloan eta gobernantzan. Etorkizuneko politiketan aplikatzeko ondorioak ateratzea da topaketaren helburua.