Bihar ohorezko aurreskua egingo dute zumarragarrek. Garai batean data horietan izaten ziren festak, baina hainbat arrazoi direla medio, dataz aldatzea erabaki zuten. Hala ere, ezpata dantza mantendu egiten da. Ekitaldiaren lehenengo zatia elizan egiten da, eta bigarrena, aldiz, plazan, udaletxe aurrean.
Uztailaren 2an ezpata dantza dantzatzen dute Irrintzi Dantza taldekoek, eta Josune Martin dantzariak adierazi duenaren arabera, uztailean dantza egiten dutenek nolabaiteko konpromisoa hartzen dute abuztuaren 15ean ere dantza egiteko. Beraz, kapitainak eta sokan ariko direnak berdinak izango dira.
Kapitainak Mikel Antia, Josune Martin, Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta izango dira. Sokako dantzariak, berriz, Adur Garmendia, Andrea Sopeña, Maddi Barrena, Irati Marin, Saioa Telleria, Lide Mendiaraz, Iñaki Urteaga, Sara Bidarte, Nahia Tubia eta Nahia Alustiza.
Martinentzat poz handia da ezpata dantzaren parte izatea: “Plazer bat da”, dio. Urtean zehar dantzari bakoitzak izandako aktibitatearen arabera erabakitzen dute dantza nork egingo duen, beraz, urte guztiko lanaren aipamen moduko bat da biharkoa.
Dantza hau egiteko, Irrintzi dantza taldeko kidea izan behar da. Aukeratzeko orduan, halere, urtean zehar taldean izandako inplikazioa hartzen dute kontuan. 2015. urtetik aurrera, gainera, emakume zein gizonek egiten duten dantza.