Oihana Bikuña makillatzaileak efektu bereziak egiten dituen DDT enpresan lan egiten du. 'El laberinto del fauno' pelikulan egindako lanarekin Oscarra irabazi zuten eta ‘La sociedad de la nieve’ filmean egindako lanagatik Goya sarietarako izendatu dituzte.
Oihana Bikuña urretxuarrak sormenezko makillajearen munduan lan egin nahi zuen eta bere ametsa lortzen ari da. Bartzelonako DDT efektu berezien enpresan lan egiten du. Enpresa horrek Oscar saria irabazi zuen El laberinto del fauno pelikulan egindako lanagatik eta Goya sarietarako izendatu dute La sociedad de la nieve pelikulan egindakoagatik. Bikuñak azken filma horretan parte hartu du.
Urretxuarrak Karakterizazio eta Makillaje Profesionala gradua egin zuen Bartzelonan. “Gizarte Hezkuntza egin nuen lehenengo. Baina makillaje mundua ere gustatzen zait eta Karakterizazio eta Makillaje Profesionala gradua egitea erabaki nuen. Makillajean pentsatzen dugunean edertzeko makillajean pentsatzen dugu, baina banekien zerbait gehiago zegoela eta horretara jo nuen. Mundu handi bat ireki zidan: protesiena, efektu bereziena…”.
DDT Efectos Especiales enpresan lan egiten du. “Bertan egin nituen praktikak, 2018ko amaieran. Nire lanarekin gustura zeuden eta jarraitzea proposatu zidaten. Zortea izan nuen, baina horretarako gogor lan egin behar izan nuen. Enpresan efektu bereziak eta makillajea egiten ditugu. Proiektu oso ezberdinak lantzen ditugu: munstroak, zauriak, pertsonaiei zahar itxura eman…”.
Hainbat pelikula eta telesailetan lan egin du. “Nire lehen pelikula Malasaña 32 izan zen. Hor gutxi lagundu nuen. Jende asko gaude eta bakoitzak gauzatxo bat egiten du. Talde lana da. Hori dela eta, lankideen arteko harremana oso garrantzitsua da. Pedro Almodovarren Madres paralelas pelikulan ere lan egin nuen. Hilobi bateko hezurrak egin genituen. Guillermo del Tororen El callejon de las almas perdidas filmerako, berriz, fetu batzuk egin genituen”, azaldu du Bikuñak.
DDT Efectos Especiales enpresa puntaren puntan dago. “David Marti eta Montse Ribe dira enpresaren jabeak. Guillermo del Toro zuzendariaren El laberinto del fauno pelikulan egin zuten lanagatik Oscarra irabazi zuten. Orain, Oscar sarietako lehen hautaketan gaude, Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve pelikularako egin dugun lanagatik. Pelikula hori Goya sarietarako ere hautatu dute”.
Urretxuarrak filma horretan parte hartu du. 1972an jazotako gertakari batean oinarrituta dago: Txileko errugbi talde bat zeraman hegazkinak istripua izan zuen Andeetan eta 29 lagun bakarrik atera ziren bizirik. Bizirauteko, muturreko erabakiak hartu behar izan zituzten.
Pelikulan hildako eta zauritu asko ageri direnez, Bikuñak eta bere lankideek gogor lan egin behar izan zuten. “2021. urtea pelikula horretarako lanean eman genuen. Ohi baino langile gehiago aritu ginen. Zauriak, ospitale baten ikusten den hanka argala, hildakoak irudikatzen dituzten panpinak, hautsitako hanka bat… egin genituen. Gainera, pelikulan ikusten dena baino askoz ere gehiago egin genuen. Zuzendariak ez du dena erakutsi, gogorregia izan ez dadin”.
Bayonak zuzendutako pelikula asko gustatu zaio. “Oso polita da. Pertsonaien arteko laguntasunari garrantzi handia eman dio”.
Bikuña oso gustura dago. “Zinema errealista gustatu zait beti, baina mundu honetan lan egiten ari naizenetik, fantasiazko filmak ere gustatzen zaizkit. Izan ere, fantasiazko filmek gure lana jolas batean bilakatzen dute. Urrutirago joateko aukera ematen digute. Secaderos pelikularako, adibidez, izaki androgino bat sortu genuen tabako orriekin. Istripuetan errealismoa bilatzen dugu eta fantasiazko filmek, berriz, sormena lantzeko aukera handiagoa ematen dute”.
Urretxuarrak silikonarekin lotutako lanak egiten ditu batez ere. “Zauriak, adibidez. Azalaren erreplikak, orokorrean. Baina pertsonaien erreplikak diren panpinak egiteko moldeak egiten ditugu eta hor ere parte hartzen dut. Lan horri esker, La sociedad de la nieve pelikulako aktore guztiak ezagutu nituen. Bai beraiek eta bai ni hasi berriak gara eta gure arteko harremana oso polita izan zen”, amaitu du.