Rozalma Agrisolutions enpresak, lehen Rojo, Zaldua y Compañia, Artiz auzoan izan zuen lehen egoitza. Egun Argixao industrialdean dago. Nekazaritzarako piezak egiten ditu.
Industriak sekulako indarra izan zuen Urretxun eta Zumarragan, baina enpresa indartsu horietako asko desagertu egin dira: Orbegozo (ondoren ArcelorMittal), Madaya, Sarralde, Irimo… Baina bi herrien industrializazioan parte hartu zuen enpresetako batek bizirik dirau: Rozalma Agrisolutions (lehen Rojo, Zaldua y Compañia). Enpresa hau Bellotak erosi zuen eta egun Venanpri multinazionalaren parte da. 100 urte beteko ditu igandean.
Rojo, Zaldua y Compañia enpresa sei bazkidek sortu zuten, 1924n: Juan Zaldua, Francisco Rojo, Aniceto Mallea, Esteban Jauregi, Juan Iurrita eta Nazario Osorok. Rozalma marka eman zieten beraien produktuei. Sortzaileetako hiruren abizenen lehen silabekin osatutako izena da: Rojo, Zaldua eta Mallea.
Hasieran, malgukiak eta baleztak egiten zituzten mota guztietako ibilgailuentzat. Altzairuarekin lan egiten trebezia handia lortu zuten eta beso malguak eta malgukiak egiten espezializatu ziren.
Beraien lehen lantegia Zumarragako Artiz auzoan kokaturik egon zen. 80 urte baino gehiago eman zituzten bertan: 1924tik 2007ra arte. Lursail hori Alberto Artizena zen. Orbegozoren bulegoak zirenak, Legazpi auzunea, La Salle-Legazpi ikastetxea… ere Artizenak izan ziren. Artizek orrazi lantegia zuen eta hari erosi zioten lursaila Rojo, Zaldua y Compañiako sei bazkideek. Ordurako aldameneko etxea eginda zegoen. Garai batean paso-nibela ere bazegoen eta Orbegozora zihoazen autoak pasatzen ziren bertatik. Beranduago kendu egin zen eta lurrazpiko pasabidea eta La Salle-Legazpiko zubia egin ziren.
Enpresak ere aldaketak izan zituen: bi handitze izan zituen eta Artizek bere langileentzat egindako etxea inguratu egin zuen ia. Luzera, tokia ez zen ona suertatu ez lantegiarentzat berarentzat eta ezta Artiz auzoko bizilagunentzat ere. Etxe hartako bizilagunek zarata handia jasan zuten. Izan ere, etxetik tailerrera bi metroko patioa besterik ez zegoen.
2007an Rojo, Zaldua y Compañia enpresa Argixao industrialdera joan zen eta lantegi zaharra eta Artizeko etxeak bota egin ziren.
Egun, Rozalmak 50 langile baino gehiago ditu. Gauzak asko aldatu dira Artizen lan egiten zutenetik: lantegia erabat robotizatuta dago. 2016an eta 2017an inbertsio handia egin zen, enpresa modernizatzeko eta nekazaritzarako erreminten besoen fabrikazioa automatizatzeko. Egun, punta-puntako teknologia eta robotizazioari esker, mundu mailako liderra da. Mundu osoko nekazal makineria ekoizle nagusiek Zumarragan ekoiztutako besoak erabiltzen dituzte.