Isabel Escudero eta Esperanza Dominguez urretxuarrak, Gipuzkoako jubilatu eta pentsionisten paella lehiaketako irabazleak
Aterpe elkarteko kideak dira, eta larunbatean Legazpiko Azokan egin zen lehiaketa irabazi zuten, Urola Garaia ordezkatuz. Bidasoaldeko ordezkariek jaso zuten bigarren saria.
Urola Garaiko jubilatu eta pentsionista elkarteak ordezkatzen zituzten Isabel Escuderok eta Esperanza Dominguezek irabazi zuten Gipuzkoa mailako gastronomia lehiaketa, larunbatean, Legazpin. Lurralde osoko elkarteak biltzen dituen Aguijupens erakundeak antolatutako lehiaketa zen, eta bertan, bederatzi bikotek parte hartu zuten beste hainbeste eskualde ordezkatuz. Haragi paella zen prestatu behar zuten platera, eta Legazpiko Idoia Lasa eta Esteban Pinilla sukaldariak izan ziren epaileak.
Escudero eta Dominguez Urretxuko Aterpeko kideak dira, eta lehenengo elkartean bertan sailkatu ziren eskualde mailako kanporaketarako, eta horretan Legazpiko Buztintegi eta Zumarragako Gure-Txoko elkarteetako ordezkariak irabaziz, Gipuzkoarako sailkatu ziren, eta bertan, lehen saria irabazi. Bigarren postuan Bidasoaldeko ordezkariak sailkatu ziren.