Ezpatadantza-Irrintzi, banaezineko bikotea (001. alea)
Santa Isabe/jaietako egitarauan azaltzen den ekitaldirik garrantzitsuena Uztailaren 2an Antiguako elizan dantzatzen den ezpata-dantza da, dudarik gabe. Hauxe da seguruenik zumarragarrei geratzen zaigun antzinako ohitura bakarra, edo bai behintzat garrantzitsuena.
Duela 23 bat urte Irrintzi dantza taldeak hartu zuen Santa Isabel egunerako ezpata-dantza prestatzearen ardura. Horren aurretik Jose Odriozolak zuen bere esku lan hori, gazteei dantza irakatsi eta egun horretan dena listo egotea, alegia; baina iritsi zen momentu bat dantzaririk ez zuena eta arazoak zituen taldea osatzeko. Irrintzi ordurako martxan zegoenez, hortxe aurkitu zuen irtenbidea. Harrezkero ezpata-dantza aurrera ateratzeko ez da jende faltarik izan, eta Irrintzi taldeak ere izan du ardura horretan aurrera egiteko motibazio sakona. Ezpata-dantzak Irrintzi taldeari esker bizirik iraun badu, Irrintzik ezpata-dantzari esker iraun duela esan daiteke. lrrintzi taldea 60 bat lagunek osatzen dute; haurrak, gazteak eta helduak. Urte osoan zehar lanean dihardute, eta Aste Santua pasa ondoren hasten dira jota ke Santa Isabeleko ezpata-dantzarako entsaiuak egiten. Hortik Uztailaren 2a arte astean bi aldiz bilduko da taldea. Normalean oso gaztetan sartzen da jendea dantza taldean, eta ez du inongo helburu zehatzik izaten, baina Irrintzi taldearen martxan ongi sartuta dagoenak badu zer desiratu, Santa Isabel egunean Antiguako Amaren aurrean dantza egitea, alegia. Egun gutxi lehenago arte, ordea, batek ez daki bera izango denentz hautatua. Aurten seguruenik hamasei urte inguruko bi gazte izango dira lehenengo aldiz kapitain, baina ia azkeneko momentuan jakingo da ziur nortzuk izango diren. Era honetan taldekide guztien ilusioa bizirik dago, eta lanerako motibazioa mantentzen da.
Santa Isabel bezperan Zumarraga-Urretxuko gazte gehienak parrandan ibiliko dira, baina ezpata-dantzan kapitain izango diren lau lagunak nahiko goiz joango dira ohera hurrengo goizean frexko-frexko eta lasai egoteko. Ondo asko lo eginda ere seguruenik urduritasuna azalduko da nonbait, eta ez da harritzekoa; Antiguako eliza jendez gainezka egongo da eta inork ez du hanka sartu nahi. Egun berezi honetako betebeharra ongi eginez gero, berriz, denak gustura eta pozik egongo dira erromeri eguna jai giroan pasatzeko. Hala bedi aurten ere!
ZUMARRAGAKO EZPATADANTZAREN JATORRIA
Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan ere ez da Zumarragako ezpata-dantza bezalakorik ezagutzen. Garai batean seguruenik izango zen, baina desagertuz joan ziren leku guztietan eta gaur egun hemengoa besterik ez da geratzen.
Antzinatik gorde ahal izan dugun dantza honen berezitasun nagusia Ama Birjinari, eliz barruan eta belauniko dantzatzean datza.
Hau alde batera utzirik Gipuzkoako bereizgarri diren pausoak eta moduak garbi garbi jarraitzen ditu.
Zumarragako ezpata-dantzan lau kapitain doaz eta zortzi, hamar edo hamabi lagun, ez baitago zenbaki zehatzik, sokan. Kapitain bat ezpataz sokari lotuta doa, eta beste hirurek ezpata motzak daramatzate. Elizara sartu eta sokara lotuta doan kapitainak puntua egingo du, eta gero beste hirurak sartuko dira, banan bana Ama Birjinaren aurrean dantza eginez, baina belauniko hasita. Azkenean lau kapitainek batera egingo dute puntua.
Antzinatik datozen gauza guztiekin gertatzen den bezala Santa Isabel eguneko ezpata-dantzaren jatorri eta esanahiari buruz hipotesiak besterik ez daude. Indar handiena duenak dio XIV. mendean Tolosan izan zen tolosar eta nafarren arteko Beotibarko Batallan bertakoek lurrak hartzera zetozen nafarrak bota zituztenean, gudari batzuk Antiguako elizara etorri zirela Ama Birjinari dantza egitera, garaipenagatik eskerrak emateko. Beste bertsio batek dio borroka egitera joan aurretik etorri zirela, Ama Birjinari laguntza eske.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide