Zumarraga eta Tagbilaran: Anaikidetze Ituna (001. alea)
Migel Lopez de Legazpik, Filipinetara joan zenean, orain Tagbilaran hiria dagoen inguruan lur hartu zuen. Bere itsasontzi eta soldaduekin han azaldu zenean, jakina, bertakoek aurre egin zioten, eta bakea izango bazen, bertako bizilagunen buruzagia zen Sikatuna-rekin «odolezko ituna» egin zuen. Hori da historiak dioena.
Duela bi urte, Zumarragako herriko ordezkaritza bat izan zen bertara joanda, eta Tagbilarango hiriarekin «Anaikidetze Ituna» sinatu zuten. Oraingoan berriz hangoak datoz, Migel Lopez de Legazpiren herria ezagutu eta anaikidetze ituna berritzera.
Zumarragako herriaren asmoa ez da, uztailaren 3ko ekitaldiarekin, Legazpik eta Sikatunak bere garaian egindako ituna gogoratzea bakarrik, bi herrien arteko ELKARTASUNAren oinarria izango den ituna berritzea baizik.
Gureak baino premia larriagoak dituzte dudarik gabe, eta esan dugun elkartasun horren adierazle, Udalak Hirugarren Munduko Herrialdeentzat ematen duen Aurrekontuaren %0,7a aurten Tagbilaran-era bidaliko da.
Ituna egiteko ekitaldia berriz, uztailaren 3an, arratsaldeko 6etan izango da, Legazpi etxean. Agintariek bakarrik ez, herritarron arteko elkartasuna ere gauza handia litzateke.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide