Zumarragako ezpata dantzari buruzko liburua (001. alea)
Zumarragako jaietako ekitaldirik ezagunena eta garrantzitsuena, Antiguako elizan, Ama Birjinaren aurrean, urtero egiten den ezpata dantza izango da. Zumarragarrok denok ezagutzen dugu, beti aditu izan dugu oso gauza zaharra dela, beharbada badugu lagunen bat, edo familiakoren bat dantzan ibilitakoa ere, baina ezpata dantzari buruz oso gauza gutxi jakin ohi ditugu.
Ezpata dantzari buruzko kontu horiek ezagutzera emateko, liburu bat atera du Zumarragako Udalak aurtengo jaietarako.
Historian zehar zer aurkitzen dugun bakarrik ez, ezpata dantzaren esanahia, jakitsuek zer esan duten, dantzako pausoak, doinua, Antiguako eliza bera, hainbat gertakari, e.a. aztertu dira.
Helburu didaktiko bat ere badu liburuak, txistu soinuaren partiturak, dantzako zein pausori tokatzen zaizkion, marrazki eta guzti argitaratu baitira.
Liburua euskaraz eta erdaraz eman da argitara, eta dantza horren inguruko gorabeherak oso ondo azaltzen dituzten argazki ugarirekin. Aurkezpena gaur bertan izango da, uztailaren batean, arratsaldeko 6etan Udaletxean bertan.
Aukera polita beraz, gure herriko historia zati bat ezagutzeko, eta ez da opari txarra ere, kanpoan bizi zaizkigun familiako eta herritarrei opari bat egin nahi izanez gero.
Bukatzeko esan beharrean gaude egilea Antonio Prada izan bada ere, Luis Mari Arrieta, Jesus Mari Garralda, Migel Urteaga eta Juanjo Zabaletaren lanagatik izan ez balitz, ezinezkoa zitzaiokeela egitasmo honi argirik ikustea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide