Urretxuko rugby taldea: "Hemendik pare bat urtera ekipoa finkatzea nahi genuke" (003. alea)
Zumarraga-Urretxun betidanik egon da kiroletarako grina. Orain, lagun talde baten ekimenari esker, ohizko ez den kirol bat ere dastatzeko aukera dugu. Beste kirol mota batzuek duten parte hartzaile kopurua lortzea zaila izango duten arren, jadanik lehen urtea betetzen ari dira eta erakusten ari diren borondatearekin, ekipoa finkatzea lortuko dute.
Nola hasi zineten?
Ideia Jose Luis Andikoetxearena izan zen. Lehenago Gernika Rugby taldean jokatzen zuen. Hemen lan egitea egokitu zitzaion eta, hau aprobetxatuz, Rugby talde bat eratzea pentsatu zuen. Kartelak jarri zituen herrian eta apuntatzea erabaki genuen. Hemendik talde bat sortu zen, entrenatzen hasi eta pixkanaka adiskidantzako partiduak jokatzeari ekin genion.
Zenbat jende dago taldean?
Bi talde gaude, jubenilak eta nagusiak. Jubeniletan 20 kide gara eta nagusiok 25 pertsonako taldea osatzen dugu.
Astean zenbat bider entrenatzen duzue?
Orain astean behin bakarrik entrenatzen dugu, Zumarragako futbol zelaiko anexoan. Taldeko batzuk astean zehar herritik kanpo daude eta ostiraletan bi ordutako saioa egiten dugu.
Zer nolako emaitzak lortu dituzue orain arte?
Orain arte ez dugu partidurik irabazi, baina lehenengo urtea da eta hau asko nabari da rugbyan. Nahiz eta partidurik ez irabazi, zelaian gero eta hobeto moldatzen ari gara, jadanik entsaio batzuk egitea ere lortu dugu.
Zeintzuk dira zuen helburuak?Helburu bakarra ekipoa egitea da, ez da gure asmoa mailaz igotzea. Hemendik pare bat urtetara ekipoa finkatzea nahi genuke.
Zer laguntza jasotzen duzue taldea aurrera ateratzeko?
Laguntza apur bat badugu, alde batetik publizitate estatikoa daukagu. Bestalde, Urretxuko udaletxeak Elizalde futbol zelaia egokitu zigun, baina bertan aldagelak ez egoteak arazoak sortzen dizkigu.
Bukatzeko, rugby neurketek hirugarren zati bat dutenaren berri ere jakin dugu. Zertan datza?
Partiduek bi zati dituzte, bi zati hauetan makina bat tirabira izan ostean, bi taldeak elkartu eta zerbait jan eta edaten dugu.
Bi taldeen artean adiskidantza giro hau sortu ahal izanak argi erakusten du rugbya ez dela dioten bezain gogorra, beraz badakizue, hemendik dei bat egiten dizuegu jolastu nahi duzuen guztiei. Hain zuzen jendea erakartzeko herri mailako txapelketa bat antolatzear gaude, 6-7 taldetako ligatxo bat antolatuko dugu, zazpi jokalariz osatutako taldeak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide