Antzerki tailerra eskenatokian (004. alea)
Neska-mutil borondatetsu hauek luzaroan ilunpetan landutakoa argitara eraman dute. Urte eta erdi luze ondoren apirilean bi lan berri aurkeztu zituzten, “Bufonerías” eta “Ni laugarrenera eta zu?” izenekoak, Juan Luis Escuderoren eta Josu Etxeberriaren zuzendaritzapean. Azken honekin hitz egin dugu honetaz eta aurrerantzean dituzten asmoen berri jakiteko.
Nola irten dira bi azken antzezlan hauek?
Oso ondo. Lan txukuna burutu dugu interpretazio maila oso ona lortuaz. Jendeak lan eskasagoa espero zuen baina ez da honela izan, jende asko hurbildu da eta oso gustura atera da. Akats bakarra ahotsarena izan da baina bagenekien hala gertatuko zela. Izan ere interpretazio ikastaroa eman dugun arren, ez dugu ahotsa lantzeko betarik izan, hau, maiatzean emango dugun ikastaro batekin lortuko dugu. .
Zenbat jende zabiltzate?
Denera hamasei. Guztiak bertakoak gara legazpiar bat eta gasteiztar bat izan ezik. Hamasei izateak antzezlan baten prestakuntza zaildu egiten du eta hau da urte eta erdi ezer aurkeztu gabe egon izanaren arrazoi nagusiena. Honengatik taldea zatitu eta bi antzezlan burutu ditugu.
Zaila al da antzerki tailerra aurrera eramatea?
Zailena hutsetik hasita tailerrari norabide bat ematea izan zen. Orain arte egindako tailerrak iraupen laburrekoak izan dira, honekin badaramatzagu hiru urte. Iraunkortasun honek proiektu sakonagoa sortzea eskatzen du.
Zein asmo duzue hemendik aurrera?
Oraintxe ari gara hortaz hitz egiten. Agian lau monitore profesional berri ekarriko ditugu txandaka lan egin dezaten. Lau monitore ekartzeak ez du esan nahi guk utzi behar dugunik, proiektua hazten ari da eta jende gehiagoren laguntza behar dugu. Dena den, oraindik pentsatzen ari gara. Bestalde, estreinatu berri ditugun bi obra hauek zenbait herritan ezagutaraziko ditugu, Urnietan esate baterako.
Eta ez al duzue datorren antzerki astean parte, hartzeko asmorik?
Ez. Bertan parte hartzen duten taldeak erabat profesionalak dira eta gu oraindik gazte samarrak gara. Beharbada datorren urtean, nork daki!
Zerbait gehitu nahi, edo?
Beharbada mutil gutxi hurbildu zaizkigula antzerkira. Bati-bat lagun talde bat gara . Beraz badakizue mutilak, futbola alde batera utzi eta ekintza berriak burutzera anima zaitezte.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide