Eguzkitan gehiegi egotea, gaitz larriak sortzen dituen ohitura (004. alea)
Azken 50 urteetan eguzkia hartu era azala belztuta izatea modako ohitura bilakatu da, baina eguzkia hartzeak gaitz ugari era larriak sor ditzake. Udara era eguraldi eguzkitsuak gainean ditugula kontutan izanik, eguzkiarekin izan beharreko arretari buruzko xehetasun gehiago jakin nahian Begoña Aseginolatza Zabaleta dermatologoarekin izan gara.
Zumarragarra. Gasteiz eta Donostian medikuntza ikasitakoa. Dermatologia espezializazioa Argentinan egin zuen. Lau urtez izan zen bertan. 1991. urtez geroztik Zumarragako ospitalean lanean dabil. Duela urte batzuetatik hona asko gehitu dira eguzkiak eragindako gaitzak. Honen arrazoia kutsadura atmosferikoan dagoela diotenak geroz eta ugariagoak badira ere, Begoña Aseginolatzak dioenez, eguzkitan egotea modan dagoen ohitura izanik, geroz eta gehiago egotea da gaitzen ugaritzearen benetako arrazoia.
Eguzkitan egoteak sortarazten duen kalterik larriena minbizia da, baina babesik gabe denbora luzez eguzkipean egoteak azalaren zahartzea eta tumoreak ere eragiten ditu. Aurpegia da urte guztian zehar airea eta eguzkipean dagoenez, kaltetuen gertatzen den gorputzeko atala. Ondoren, eskuak, besoak eta emakumezkoen kasuan batez ere, hankak, belaunetik behera, dira atal kaltetuenak.
Eguzkiak beltzuneak sortzen ditu azalean eta zenbaitzuetan, luzaroan bi edo hiru hilabetetan sendatzen ez diren zauri edo lesio txikiak. Azken hauek aurpegian ateratzen dira batez ere. Honelako markaren bat azalean sumatzean, berandu baino lehen dermatologoarengana joatea gomendatzen du Begoña Aseginolatzak. Lunarrak edo orainak ere zaindu beharrekoak direla esan du. Hauek handitu, kolorez aldatu edota hazkura edo mina eragiten dutenean beharrezkoa da kontsultatzea.
Euskaldunon artean eguzkiak eragin ditzakeen kalteei dagokionez, bi euskaldun mota bereizi behar omen dira. Beltzaranak batetik eta azal zuri eta begi argidunak bestetik. Azken hauek eguzkiak eragindako gaixotasunak hartzeko arrisku handiagoa dute.
Hala ere, eguzkiak ez ditu gaitzak bakarrik sortzen eta zenbait gaixotasun sendatzeko, eguzkitan egotea komenigarria omen da, psoriasiaren kasua adibide moduan.
Eguzkiarekin kontu handia izatea da prebentziorik onena eta horretarako bi modu daude. Eguzkirik ez hartzea edota hartzekotan foto-babesak erabiltzea. Kremak behar beharrezkoak dira eguzkia hartzeko baina foto-babesle maila altua dutenak dira derrigorrez erabili beharrekoak. Azalaren arabera foto-babes gehiagoko edo gutxiagoko krema erabil daiteke baina, gutxienez 8tik gora ematea aholkatzen du. Umeen azala zuriagoa denez, 12tik gorako foto-babeseko krema erabili behar da. Krema hauek eguzkitara joan aurretik ematea gomendatu du, eta eguzkitan luzaroan egonez gero bi ordutik bi ordura eman behar da.
Eguzkitan egon nahi bada, neurri higienikoak kontutan izan behar direla behin eta berriz adierazi du. Honela, eguerdi partean ezin da eguzkitan egon eta denbora luzez hau egitea ere ekidin behar da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide