Urretabizkaia anaiak: “Elkarrekin jarraitu nahi genuke” (004. alea)
Unai Urretabizkaiaren pilotarako grina, kalean pilota bat aurkitzearekin batera hasi zen. Garai hartan 6 urte zituen bere anaia Beñat bultzatu eta murgildu zuen pilota jokora handik urte batzuetara. Geroztik urteak pasatu dira eta bakoitzak jadanik bere lana baduen arren, Unai Arrasaten OHOko irakaslea da eta Beñat Elektronikako 5. mailan dabil, bikote paregabea dugu pilota munduan.
Noiz kokatzen dituzue zuen hastapenak bikote bezala?
Duela urte t’ erdi gutxi gora behera. Usurbilen lehenengo, gero Oñatin…
Zeintzuk izan dira orain arteko trabak eta zeintzuk momentu onenak?
Traben artean, mundu honetan aurkitu izan dugun mafia. Faboritismo handia dago eta askotan gauzak ez dira neurtzen norberaren ahalmenen arabera. Momentu onenen artean aipagarriena DV Txapelketan zer ginen demostratu genuenean koka daiteke. “Partxe” moduan gindoazen eta hor ikusi zen “partxe” baino gehiago ere baginela.
Unaik ere bidaiak aipatzen ditu:
Argentinan izan naiz, Munduko Txapelketan, baita San Francisco eta Kuban ere.
Hainbeste denbora pilotan eta berezitasunak edo anekdotak ere izango dira, ezta?
Berezitasunak… Aipa daiteke bai (dio Beñatek), oraingo pilotak lehengoak baino gogorragoak direla, eta horretaz kexatzen garenean ez da ahulagoak garelako orain. Bestalde, esan behar da ere atsegin bereziaz gogoratzen ditugula Goñiren garaiko entrenamenduak Hermanotan. Giro hori ez da berriro itzuliko, bikaina zen.
Proiektuak ere izango dituzue, zer nolakoak?
Bai, gertuko proiektu bezala Elgetako Txapelketa. Azken urteetan (dio Unaik) Elgetan txapeldun izatea profesionaletara iristeko “txartela” izan da. Aurrera begira ilusioa daukagu elkarrekin jarraitzeko afizionatutan, baina ondo ibiltzekotan noski.
Biek eskertzen dute gurasoen laguntza:
“Aita eta ama erabakigarriak eta oso garrantzitsuak izan dira gure bidean, eskertu behar zaie guri emandakoa. Eta, bestalde ere, Goñiri aipamen berezia egin behar diogu”. Beñaten hitzetan: “Goñik eman zidan niri, ahuldura momentu batean, bultzada garrantzitsua, bihotzez eskertuko diot beti…”
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide