Eskolarteko kirolaren nondik norakoak (005. alea)
Polita izan ohi da larunbat goizero hainbat haur eskolarteko kirol lehiaketetan ikustea. Zumarraga Urretxuko ikastetxeetatik, zehazki 678 neska-mutilek parte hartzen dute, aurten matrikulatutako haurren % 42,11. Betiko kirolez aparte, beisbol eta igeriketa bezalakoak ere ikus ditzakegu. Ez pentsa haur hauek kirola edozein modutan egiten dutenik. Guzti honen atzean batzorde bat dago. Ikastetxe ezberdinetako arduradunek osatutako batzordea eskolarteko kirol ekintzak antolatu eta gidatuko dituen proiektua burutzeaz arduratzen da.
Batzorde honek plangintza bat eratu du eta beraren helburu nagusia, kirola, hezkuntzaren atal bat gehiago izatea da. Hau dela eta, haurrek kirolaz gozatzeari garrantzi handia ematen zaio eta norgehiagokeria ekidin nahi da. Horretarako hirugarren eta laugarren mailakoek, beniaminak, kirol ugaritan parte hartzen dute urtean zehar, kirol bakoitzaren muina ikas dezaten. Honek, benetan atsegin zaien kirola zein den ikusten laguntzen die. Esan behar da, maila honetan, neska eta mutilak batera aritzen direla, ez, ordea, goragoko mailetan.
Bosgarren eta seigarren mailatan, alebinetan, ohiko kirolak egiten direla esan dezakegu. Ohiko kirol hauek, areto futbola, saskibaloia eta eskubaloia dira. Ikasturtean zehar, bakoitza hilabete eta erdiz egiten da, honela, hirurak egiteko astia izanez. Bestalde, igeriketa eta atletismoko bi jardunaldi ere izaten dira.
Azkenik, zazpigarren eta zortzigarren mailakoak daude, infantilak. Hemen, bakoitzari nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna ematen zaio. Ligaxka bat jokatu eta lehena suertatzen denak, Gipuzkoako Txapelketan jokatzeko aukera izango du. Gainontzeko guztiak, udaberriko txapelketa moduko bat jokatzen dute. Bertan, ezin da ligaxkan aukeratu den kirol mota berbera hautatu.
Eskolarteko kirol plangintza honek, diputazio zein bi udaletatik laguntza ekonomikoa jasotzen du. Diru hau, entrenatzaileei, beraien laguntza eskertzeko erabiltzen da.
Aipatu behar da, dena den, batzordearen proiektuak finkapen sendoagoa behar duela oraindik. Arduradunen esanetan gauzak ondo egiteko plangintza birplanteatu egin beharko litzateke. Proiektuaren helburuak finkatu ziren hasera batean baina behar bezalako garapenik ez dute izan, hainbat aldiz ahaztuak izan direlarik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide