Iparragirre plaza berria ekainaren 16an inauguratuko da (005. alea)
Iparragirre plazak berrikuntza desberdinak Izan ditu denboran zehar. Konponketa hauek herritarren behar eta nahiekin loturik egon dira. Hori dela eta, enparantza honen iragana zein izan den eta etorkizuna zein izango den adierazten saiatu gara lerro hauetan.
XIV-XVIII. mende bitartean ez zegoen plazarik gaur egun ezagutzen dugun leku berean. Enparantza bat zegoen gaur eguneko Gaztelekuaren parean. 1658. urtean, eliza aurreko zatia (egun dagoen leku berria) erre zenean plaza itxura hartu zuen berrikuntzarik egin ez zutelako. Eliza aurrean bi etxe zeuden bata “kartzela etxea” udalarena, eta bestea “Elizategi” Areizaga baroiarena. Garai honetan inguru hori bi mailatan egokitua zegoen, goian alde bat izanik eta behean beste bat.
XVIII. mendean biztanle kopurua areagotu zen eta osasun egoera gero eta okerragoa zen. Herritarrek gaixotasun ugari jasaten zituzten, batez ere ur hornidurarik ez zegoelako. Hori zela eta pentsatu zuten herriko plazan iturri bat eraikitzea, ordura arte jendea mendira joaten baitzen ur hila. Herritarrek, aurrekontua oso garestia zela ikustean beraiek egingo zutela erabaki zuten. Horrela, 1764. urtean inauguratu zuten orain dela gutxira arte ezagutu dugun iturria.
XIX. mendean Iparragirre hil zen eta orduan pentsatu zen plaza berritzea eta bere omenez estatua bat eraikitzea. Horretarako, “kartzela etxea” txikitu eta “Elizategi” erosi zioten Areizagari. Bi mailatan egokiturik zegoen plaza maila bakar batean utzi zuten. 1890. urtean inauguratu zuten Iparragirre plaza iturri, estatua, haritz eta guzti. XX. mendean hainbat berrikuntza ezagutu ditu enparantza honek. Adibidez, idi probetarako harri berri bat ipini zuten, zezen plaza moduan ere erabili izan da eta Iparragirreren estatua hainbatetan garbitu dute.
Udalaren aldaketarekin batera, inauguratuko den plaza honek jadanik inauguratuta egon behar zuen baina arazo batzuk direla-eta atzeratu behar izan da. Alde batetik herritarrek ez dute atsegin jarria dagoen iturria eta orain beste bat ipiniko dute. Bestetik, nahiago izan dute maiatzean ez inauguratzea hauteskunde ekintza bezala uler ez zedin.
Enparantzari bizitasuna eman nahi izan diote berrikuntzarekin eta horregatik berriro ere bankuak ezarriko dituzte herritarrok lasai egon eta haurrak jolas daitezen. Azken finean aurreko ideia berreskuratu nahi izan dute. Konponketa hau Goiko kale eta Iparragirre kaleen hirigintza erreformarekin batera doa. Adibidez, kale hauek eta eliz aurreko ingurua oinezkoentzat bakarrik izan daitezen nahi dute. Baina hori nahiko zaila dela uste dute, 67 garaje egin baitira plazapeko parkingean eta derrigorrez sartu beharko direlako kotxeak. Hau oso desegokia izan daiteke batez ere haurrentzat. Bestalde, Azkoitira doan errepidea konpondu nahi dute baina oraindik Foru Aldundiaren erantzunaren zain daude. Horrek mesede handia ekarriko lioke inguru guztiari. Etxebizitzak ere egiten ari da plaza egin duen enpresa bera. Enparantza berritzeko aurrekontua 45 milioikoa da baina ordaindurik dago etxebizitzen eraiketa dela-eta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide