Iker Zabaleta: "Kamioilariek ez gaituzte errespetatzen" (006. alea)
Afizionatu mailan dabilen txirrindulari hau, denboraldi bikaina betetzen ari zen kamioi batek bultzatu eta errepidean etzanda utzi zuen arte. Ordura arteko emaitzak ikusita, hiru garaipen eta podium ugari, profesional mailara iritsi daitekeen txirrindulari baten aurrean gaudela pentsa dezakegu.
Zer moduz aurkitzen zara?
Besondoa, omoplatoa, klabikula eta bost saihets apurtuak ditut. Horretaz gain, eskumutur eta orkatilan zaintiratu hau, eta eskafoide arazoak ditut. Badakit asko dela baina okerrena gerta zitekeen, beraz, zorte pixka bat izan nuela esan daiteke.
Zein asmo duzu datorren urterako?
Momentuz sendagileek lau hilabete geldirik egon beharko dudala diote. Nire asmoa ordea, denboraldi amaieran lasterketaren batean parte hartzea da. Txikitatik dudan helburua, profesionaletan aritzea da eta hau, lehenbailehen egitea gustatuko litzaidake, ahal bada, datorren urtean.
Baina probaren bat egin duzu, ezta?
Bai, profesional mailakoa den Errioxako itzulian parte hartzeko aukera izan nuen Estatuko selekzioarekin. Korritzeko era ezberdina den arren, orokorrean ez daga horrenbesteko ezberdintasunik. Afizionatu maila, profesionaletara iristeko ezinbesteko pausu bat denez, prestaketak antzekoak dira. Errioxan, gustura ibili nintzen, bronkitis bat izan ez banu, agian, paper hobea egiteko aukera izango nuke. Afizionatuetan, etapa hasten den momentutik bertatik, abiada bizian aritzen gara, profesionaletan, ordea, azken berrogeita hamar kilometroetara arte, normalean, astiro joaten da. Hortik helmugara, berriz, sekulako abiadan. Hor egon daiteke bi mailen arteko alderik nagusiena.
Zeure burua nola definituko zenuke? Eremu guztietan defendatzen naiz, zertxobait hobeto sprintean. Aurten nire buruarengan konfiantza handiagoa dut eta, ahal dudanean, sprintera sartzen naiz.
Bukatzeko, Tourreko podiuma zure ustez?
Indurain, Rominger eta Berzin edo Zulle. Azken hau, podiumean sartzea nahi nuke baina Berzin ere oso indartsu dabil. Ez zitzaidan gehiegi gustatu Berzinen jokaera Euskal Bizikletan baina ezin da ukatu txirrindulari ona denik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide