Mendia garbi, ingurune naturalak garbi mantentzeko kanpaina (006. alea)
Meakako atseden tokian erretegiak jarri zirenetik, ingurua asko zikindu da. Hau ikusirik, Antzuolako Arrola Mendi Taldeak, mendia garbi mantentzeko eta batez ere, zaborrak mendian egin dezakeen kalteaz kontzientzia gaitezen MENDIA GARBI izeneko kanpainari ekin dio. Kanpaina hau ekainaren 9an hasi zuten eta irailaren 17ra arte luzatuko da eta epe honetan mendizaleak Meaka inguruan ibiliko dira arazoaz informatzen eta konponbideak azaltzen.
Zergatik hasi duzue MENDIA GARBI kanpaina Meaka inguruan?
Kanpaina 92. urtean hasi genuen, lehengo atseden tokietan Antzuolako udalak erretegiak jarri zituenean. Erretegiak jartzearen ondorioz, inguru horretan zabor asko pilatu zen eta Arrola Mendi Taldetik egoera konpontzeko premia ikusi genuen. Iaz mendia garbi mantentzeko egin behar dena azalduz, informazio orriak banatu genituen bertan, baina emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan. Aurten kanpaina eraginkorragoa egin nahi dugu.
Zein da MENDIA GARBI kanpainaren helburua?
Sentsibilizazio lana egin nahi dugu batez ere. Ez gaude zakarrak mendiko zakartokietara botatzearekin ados, ingurune naturala zikintzen delako. Jendeak mendira eramaten dituen zaborrak etxera itzuli behar dituenaren kontzientzia hartu behar du, hori da gure asmoa. Zaborrak mendian egin dezakeen kalteaz kontzientziatu nahi dugu jendea.
Nola burutuko duzue kanpaina?
Gure asmoa brigadak osatu eta asteburu eta jai egunetan jende gehien mendian ibiltzen den garaian mendira joan, eta bertan topatzen dugun jendea, mendia garbi mantentzeko eginbeharrekoaz informatzea da. Horretarako informazio orriak banatuko ditugu eta jendearekin hitz egingo dugu, mendiaren egoera komentatuz eta garbiago mantentzeko konponbidea zein litzatekeen azalduz. Honetaz gain, plastikozko zorroak banatuko ditugu zakarrak bertara bota ondoren, poltsa etxera bueltatu dezan jendeak. Gainera inguruan zikinik ikusiz gero jaso egingo dugu.
Erretegiak jartzearen ondorioz zikindu bada Meaka ingurua, erretegi hauek kentzearen aldekoak zarete?
Arrola Mendi Taldeko kideak, erretegiak ez jartzearen aldekoak gara, ingurune naturala artifizialtzen delako, ingurunea hondatzen delako. Hala ere, ez dugu kentzea eskatzen. Udalari eskatuko genioke jarri zituena bera izan da, garbi mantentzeko konpromisoa hartzeko, Arrola Mendi Taldearen lana ez baita astero mendi garbiketan aritzea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide