Santa Isabel Eguna Antion (006. alea)
Urte osoan herritarrok irrikan egoten gara uztailaren 2a iristeko, gizaldiz gizaldi bete den ohiturari eutsiz, garai batean Zumarragako Andre Mari izandako elizara, Antiguara, eta bere inguruetara hurbiltzeko. Goizean Udaletxetik Eitzako bidean gora Antiguarantz txistulariak, dantzariak, Udalgizonak eta herritarrak abiatuko dira.
Eliza barruan eta baita Meza Nagusiaren ondoren ere ezpata-dantzariek txistularien laguntzarekin une hunkigarriak eskainiko dizkigute. Gero herritarrak izango dira jaia egingo dutenak, eta hau ere ez nolanahikoa, Antiokoa Euskal Herri guztiko erromeriarik handienetakoa dela esan baitaiteke. Bazkal aurretik bertsolariak, soinua, herri kirolak… izango dira. Eguerdiko ikuskizunak amaitutakoan zenbaitek erroskilak erosi eta etxera alde egingo du bazkalordurako, baina bertan makina bat sendirentzat eta koadrilarentzat herri bazkaria egitea izan da ohitura, gero arratsaldeko erromeriarako bertan izateko. Garai batean udal agintariek beren tartekoekin serora etxean, balkoia zuen aretoan, bazkaltzen zuten, eta apaizak, aldiz, ondoko aretoan. Txistulari eta dantzariei, berriz, beti gorde izan zaie mahaia.
Dantzari dagokionez aipatu behar da Zumarragako erromeria izan dela hemengo bakarrenetakoa, dantza loturik egiten ez dena, dena dantza librean egin izan da, baina zenbait garaitan, dantza bueltak ematerakoan, jendeak elkarri heltzen zion.
Bestalde, arratsaldeko seietan edo zazpietan arrosarioa errezatu eta San Joan egunean hasi eta egunero egindako bederatziurreneko azken elizkizuna izaten dela aipatu behar dugu.
Erromeriari herriko plazaraino eta berriz ere Eitzatik joango den jaitsierak emango dio bukaera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide