Ikastolako udalekuen kontuak (007. alea)
70. hamarkadan Jose Agustin Orbegozo, hasi zen lehen aldiz, Lourdesko Ama ikastolak, beste ikastola askok ez bezala berezkoak dituen udalekuen antolaketa lanetan. Udalekuen orduko helburua haurrak etxetik kanpo eta lagunekin bizitzen ikastea zen eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du. Lehen urteetan Logroñon egiten zen egonaldia, baina beranduago Corella, Monasterio de Irantzu, San Asensio eta La Puebla de Labarkan pasa dituzte herriko haur ugarik, eta zenbaitetan ormaiztegiarrek eta legazpiarrek ere, oporretako hamabost egun.
Aita Jesus Marik urte batzuk beranduago, udalekuen kargua hartu zuenean, hasi ziren herriko gazteak begirale moduan udalekuetara joaten, ordura arte irakasleak joaten baitziren haurrekin egotera. Eta datu aipagarri bezala esan behar da, berrogeita hamar begiraletik gora izan direla udalekuetan urte guzti hauetan.
Haurrak etxetik kanpo dauden hamabost egunetan ahalik eta ondoen ibil daitezen, antzerki, joko, ibilaldi eta ekintza ligan prestatzeaz arduratzen dira hauek.
Aita Jesus Marik kargua utzi ondoren, 80. urtetik egunera, Juan Mari Balentziaga dabil, beti ere Asun Larrañaga, emaztearen laguntzarekin batera antolaketa lanetan. Udalekuen behar bezalako antolaketak lan handia eskatzen du, arazorik egon ez dadin, bi hilabete aurretik hasi behar da lanean. Prestatuta eraman behar da egun bakoitzeko programa, haurrek gustukoak dituzten joko eta jolasak noiz eta nola egin, aurretik zehaztu behar da. Honetaz gain, etxera etorritakoan, egonaldiaren balorazioa, kontuak eta txostena ere egin behar dira. Beste hilabete bateko lana suposatzen du honek.
Aipatzekoa da, duela bost urte arte, La Pueblara joan arte oporretako hamabost egunetan lagun ugarik lan handia egin duela sukaldari moduan. Beraz, argi dago udalekuek hainbeste urtetan iraun badute, isilean egin den lanagatik izan dela neurri handian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide