Terrazak eta uda: cocktail freskoa (007. alea)
Hasiera batean Madril eta Bartzelonan ikusten zirenak soilik, gaur egun Urretxu Zumarragako edozein tabernak dauka. Uda bateko birusa zirudien terrazen fenomenoak gure herriotan habia egin du. Oporren kutsua dute, baina hauen erabilpena luzatzen da gehienetan, nahiz eta orain den bere garairik oparoena. Koadrila, bikote, familia… bildu eta bertan esertzearekin bat edari freskagarriak hartu eta beste hainbesteren artean giroa dastatzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
Gauetan freskotasunak bereziki horretara gonbidatzen duelako, arratsaldean, igerileku, hondartza edota menditik itzulita erritual ekidinezin baten kutsua hartzen duelako edota igandean sermoia barneratzeko eta biharamuna baretzeko zerbait edatea ongi datorrelako, aitzakiak bukaezinak dira terraza batea n esertzeko.
Zumarraga eta Urretxun gainera, plazak ugaldu egin dira azken eraikuntzen ondoren, eta hau onuragarria da bertan mahai eta aulki zuriak jartzeko. Areizaga Plazan esate baterako terraza ugari jarri dituzte azken aldian. Herriaren udako jantzi bilakatu dira, jantzi uniforme gainera, bakoitzak bere berezitasuna izan arren, antzekoak izanik.
Ingurua, itzal eta eguzki guneak, giroa eta, nola ez!, zerbitzaria, ezinbesteko elementu dira terraza katalogatzeko orduan. Herritarrek gustura hartzen dituzte, terraza zale batek dioen bezala “barruan egoteak ez du merezi, gauean kanpoko tenperatura oso atsegina izaten baita. Egunez ordea, barruan freskoxeago egoten da batzuetan, baina terrazetako giroak gehiago erakartzen gaitu”.
Tenperatura freskoagoa den edo ez alde batera utzita, nork baztertzen du kaleko txutxu- mutxuak udako eguzki edota ilargipean?
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide