Udal Gobernuak osatze bidean (007. alea)
Dagoeneko Zumarraga eta Urretxuko udal gobernuek erabat eratuta egon behar bazuten ere, Zumarragakoa bakarrik eratu da bere osotasunean.
Zumarragan lau alderdi politikok PSE-EEk, EAk, EAJk eta HBk osatu dute gobernua eta guztira zortzi batzorde sortu dira. PSE-EEk bi batzorde zuzenduko ditu, ogasun eta lan batzordea eta hirigintza eta ingurugiroarena. EAk hiru batzordé gidatuko ditu, giza zerbitzuena, zerbitzuen batzordea eta diru kontuena. EAJ bi batzorderen buru arituko da, industria batzordea eta kultura, jai eta gazte batzordeaz arduratuko baita, eta HBk euskara batzordearen ardura izango du.
Urretxun momentuz, hiru alderdi politikok, PSE-EE, EA, eta HBk, osatu dute gobernua eta EAJ gobernutik kanpo geratu da ez duelako kultura batzordearen zuzendaritza lortu. Egun, Urretxun eratu beharreko zazpi batzordeetatik sei baino ez daude eratuak, hezkuntza batzordeaz arduratuko den talde politikoa izendatu gabe baitago oraindik ere. Hala ere, erabakita dago EA lau batzorderen buru arituko dela, ogasun batzordea, hirigintza batzordea, kultura eta jai batzordea eta gizarte eta osasun batzordea zuzenduko baititu. PSE-EEk bakarra gidatuko du, gaztedia eta kirol batzordea eta HBren gidaritzapean egongo da euskara batzordea.
Bestalde, Pello Gonzalez Argomaniz, Urretxuko alkatea, Urola Garaiko Mankomunitateko Lehendakari berria izango da hurrengo urteetan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide