Arrospide AEBetako Idahon (008. alea)
Angel Arrospide Zumarragan ezkontzaz geroztik bizi den hogeita hemezortziko Leaburutarrak, egunero Oñatiko hiltegian lan egiten du baina Euskal Herri osoan eta baita kanpoan ere ospetsua bada, aizkolari moduan da, dagoeneko, eta oraingoz, bost aldiz lortu baitu Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa. Estatu Batuetako mendebaldean dagoen Idahoko Boisen (hemendik hegazkinez hamasei ordutara gutxi gorabehera dagoena) uztailaren 27aren eta 30aren artean JAIALDI ’95 ospatu zen. Bost urtez behin egiten den jaialdi hau ospatzeko asmoz EEBBetako hainbat lekutatik (Elko, Reno, Chino, New York… eta abar luze luzea) makina bat euskaldun edota euskaldun jatorriko hurbildu zen Boisera, hauei Euskal Herritik joandakoak ere gehitu behar zaizkie. Batzuk lanera joandakoak ziren, Tapia eta Leturia, Añorgako Arkaitz Dantza Taldea, zenbait kirolari eta zenbait bertsolari. Beste batzuk berriz oporretan joandakoak ziren, hauen artean Mikel Markez eta Erramun Martikorena. Honez gain, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, eta Gernikatik etorritako hainbat jende aipatu behar da (Boise eta Gernika anaitutako herriak dira).
Kirolarien artean, Zumarragan bizi den eta dagoeneko erdi zumarragartzat hartu behar dugun Angel Mari Arrospide ere han ikusi genuen. Boiseko Euskal Etxean topatu genuenean honelako elkarrizketa izan genuen:
Angel, noiz eta noiz arte etorri zarete?
Joan den asteazkenean, hilak 26 etorri ginen. Atlantara berandu iritsi ginelako, gure zain zeuden 200 pertsonak, errezibimendua egin gabe joan behar izan zuten etxera. Itzuli ostegunean, 3an joango gara.
Zeintzuk etorri zarete eta noren bidez?
Aizkolariak, Larretxea, Nazabal eta ni neu. Harri-jasotzaileak, Goenatxo, Perurena, Zelai eta bertsolariak Lopategi, Enbeita eta Ajuria. Gu Jose Mari Artiatx hemen bizi den Muxikako enpresari baten bidez etorri gara, bera da esponsorra edo patrozinadorea.
Ze lan egin duzue?
Euskal Etxearen aurrean agerpentxo bat, eta gero Jaialdian bi erakustaldi.
Hemengo ikuslegoa eta hangoa konparatuz, zer esango zenuke?
Ba… han baino gehiago estimatzen dutela.
Autografoak ezpaletan firmatzen eta firmatzen aritu zarete…
Han herri handietan firmak eskatzen dizkigute baina besteetan ez, ondo etortzen zaigu idazten praktikatzeko.
Ikuslegoaren artean emakume asko ere ikusi dugu…
Eskerrak ingelesik ez dakigula, bestela komeriak izango genituzke.
Atzerriko beste leku batzuetan izan al zarete?
Bai, Japonian izan ginen, jendea txoratuta zegoen, baina hango harrera ez zen izan hemengoa bezain bizia. Begiratzen zuten bai, baina begiak tapatzen zituzten, beldurtu egiten ziren nonbait. Elkon lau aldiz izan gara, Suitzan ere egon gara. Boisen, lehenengo aldia izan da, baina jendea oso gustura gelditu da eta dirudienez hurrengo urtean egun osoa herri kiroletarako nahi dute. Mugimendua orain del a 20 urte edo hasi zen, Elkon hasi zen mugimendua, gero Australiara ere egin ziren bidaiak.
Zer ikuspegi duzu Boisen aurkitu duzunari buruz. Zerk harritu zaitu?
Hemen denak elkartuta daude, berdin pentsatzen dute. Hainbeste mila kilometro egin eta giro euskalduna topatzea ikusgarria eta ikaragarria iruditzen zait.
Bukatzeko, hemen lana soberan. omen dago. Hona bizitzera etorriko zinateke?
Egia esateko, aitortu behar dizut lehenengo aldiz Elkora etorri nintzenean, 27 urte nituenean, tentatuta egon nintzela bertan geratzeko. Garai hartan egurretan ibiltzen nintzen, egun osoan 2000 pezeta irabazten nuen eta hemen orduko 2000 pezeta agindu zidaten. Oso berotuta egon nintzen, baina azkenean atzera egin nuen. Ez ginen horretara etorri eta … badakizu, penatan … baina gero itzultzeaz ez dut damurik izan.
Basque Centerreko taberna, hango eta hemengo euskaldunez beteta utzi genuen, jendea, antza denez, aurtengo jaialdiko ospakizunei bukaera emateko gogorik gabe zegoen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide