Ezkion jaio baina sei urte zituenetik Zumarragan bizi izan den hau, Zumarragako AEKan bi urtez aritu ondoren, eta Eskoriatzan irakasle ikasketak burutu ondoren, Tuterarantz abiatu zen hango ikastolan lan egiten hasteko asmoz. Aurtengoa, dagoeneko bosgarren ikasturtea, berezia eta ahaztezina izan da, gaur egunean, bere zuzendaritzapean dagoen ikastolak antolatu behar izan baitu Nafarroa Oinez.
Tuterako ikastola orain dela 11 urte sortu zen. Hasieran, 5 haur ziren, Argiñe iritsi zenean, 65 haur zeuden; egun, 115 haur daude eta azken urte hauetan matrikulazio ona izan dutela esan behar da. Hasieran, elkarte batek utzitako lokal batean ematen ziren klaseak, orain leku kaskarra dute baina urtarrilean ikastetxe berrira joango dira.
1994ko irailetik, jakin zutenetik, gogor egin dute lan. Udalarekin harremanetan jarri ondoren, Erribera bertan lan berezia egin behar Izan dute, jendeari Nafarroa Oinez zer den azaltzen eta ikastolaren berri ematen.
Aurtengo leloa jarraituz, inoiz baino gehiago lortn dute jende aldetik zein diru aldetik (40 milioi) baina ikastetxearen aurrekontua 140 milioitakoa dela esan digu.
Ikastetxe berriarekin, legalitatea lortuko dute. Nafarroa Oinez-ek , Tuterako euskal eremu txikia indartzeko balio izan du, eta hori ez da gutxi. Argiñek Tuterara joateko esan digu, Tuterak merezi omen du eta zizerone lanak egiteko prest azaldu zaigu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide