Unibertsitate mailako ikasleen kezkak (009. alea)
Matrikula, pisua, autobusa, trena, klase partikularrak… Guztiak ordaindu behar eta gehienetan, diru gutxi dena ordaintzeko. Hauek izan ohi dira unibertsitate mailako ikasleen artean, buruko mina sortzen duten arazoak, batez ere, ikasturtea hasiberri denean.
Matrikula ordaintzearekin basten dira lehen kezkak, batez ere, ikasle berak bere poltsikotik ordaindu behar izaten duenean. Horrelakoetan, asteburuetan lan eginez ordaindu ahal izaten dute edo baita udan lan eginez ere. Matrikularen prezioa, aukeratu den ikasketa zentroaren arabera ezberdina izaten da. Pribatua edo publikoa den ikusi behar da, pribatua beti ere, garestiagoa izaten delarik.
Hurrengo arazo larriena, pisuarena izaten da. Sarritan, UBI amaitu ondoren aukeratutako ikasketak ez dira herrian bertan egoten. Honek, bi egoera sortzen dizkigu: egunero joan-etorriko bidaia egitea edo pisu bat alokatzea.
Egunero joan-etorria egiteko, garraio sare egokia behar da. Gure herriaren eta ikas lekuaren artean, komunikazio on eta egokia beharrezkoa da. Aukera hau duen hiriburua Donostia da. Trenari esker, Zumarraga eta hiriburuaren arteko komunikazioa ona da. Honela, Donostian ikasten duten zenbait ikaslek, egunero joan-etorria egin nahiago dute.
Beste zenbaitzuk ordea, eguneroko bidaiei muzin eginez, nahiago izaten dute pisua alokatu. Donostian, ikasleentzako pisu baten alokairuak 80.000 pezeta hilean balio dezake. Dena den, prezio hau, batez bestekoa besterik ez da eta etxearen kokalekuak, egoerak, eta beste zenbait ezaugarrik prezio hori aldatu dezakete.
Trenaren bidez beste hiriburu batera ere, Gasteiza alegia, joan gaitezke. Hiriburu hau ordea, ez dago Donostia bezain ongi komunikatua. Beraz, egunero joan-etorria egiteko nahiko deserosoa dela esan behar da. Gasteizen ikasten duten Urretxu-Zumarragako ikasle unibertsitario gehienak, trenaren ordutegiaren bateragarritasun eza ikusirik, pisua alokairuan hartzen dute. Orokorrean, Donostiakoak baino merkeagoak izaten dira, batez beste, 60000 pezeta hilean balio dezaketelarik.
Bestalde, Bilbon ikasten duten Urretxu-Zumarragako unibertsitarioak, derrigorrez pisua alokairuan hartu beharrean .aurkitzen dira. Ezin esan daiteke Bilbo gure bi herriekin ongi komunikatua dagoela. Autobusa da (taxiaz aparte noski) dagoen garraio publiko bakarra eta bere ordutegia ikusirik, motz geratzen dela edonork asma dezake. Bilbon, alokairuzko pisu baten prezioa Gasteizeko baten antzekoa da, 60000 pezeta hilean batez beste.
Azkenik, Iruñeko kasua aipatu beharra daga. Iruñea ere, ezin esan daiteke gure bi herriekin oso ongi komunikatua dagoela. Honela, Iruñean ikasten duten Urretxu- Zumarragako ikasleak ere, pisua alokairuan hartu beharrean aurkitzen dira.. Iruñean, beste hiriburuetan baino garestiagoa da pisuen alokairua, batez beste 100.000-120.000 pezeta hilean ordaintzera ere iritsi daitekeelarik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide