Zumarraga eta Urretxuko mendizaleak (009. alea)
Mendizaletasuna kirolaren agerpenik jatorrena da, beharrezkoa baldin bada, taldearen martxa atzean geratzen denaren erritmora egokitzen delako. (Pio XII.). Hitz hauekin definitzen zuen Pio XII.ak Aita Santuak mendizaletasuna eta bere inguruko giroa. Baina, egia ote da? Zer nolako kirol (mendiari lototakoa …) eskaintza dugu gaur egun Zumarraga eta Urretxun? Ondorengo lerroetan duzu behar duzun informazioa.
Zumarraga eta Urretxu mendizale asko izan diren herriak izan dira betidanik. Aspaldi – duela 30 urte inguru – herriko mendizale batzuek egiten zituzten mendi irteerak burutzeko, komerietan aritu behar izaten zuten urrutira joateko. Beste erabateko garaiak ziren, eta esate baterako Pirinioetara joateko, autobusez eta trenez 2 edo 3 egun behar zuten. Pasadizo hauek beraiek gordetzen dituzte eta horien berri emango dizuegu noizbait, hurrengo OTAMOTZetan.
Gaur egun, ordea, egoera guztiz desberdina da, eta hortaz mintzatuko gara artikulu honetan.
Une honetan herrietan ditugun bi mendizale taldeak, GOIERRI Kirol Elkarteko Mendi Saila eta OSTADAR Mendi Taldea dira. Bien artean inolako lehiarik izan gabe, hilero, 2 edo hiru irteera antolatzen dituzte; beraz, Zumarraga eta Urretxuko taldeek antolatutako eskaintza aukera urria dela esaterik ez dago.
Talde bakoitzak bere irteera propioak dituen arren, aurten hasi da bien arteko elkarlana, eta mendi irteeren kalitatea eta eskaintza hobetu du honek. Elkarlan horren ondorioz, alde batetik, Uren Banalerroaren Ibilbide Handia egiten ari dira etapaz etapa (15 etapa hain zuzen ere), Burgos eta Araba arteko mugan dagoen Peña Erea menditik, Aragoa eta Nafarroako mugan dagoen Hiru Erregeen Mahaia mendi gaineraino, Kantauri eta Mediterraneo itsasoetarantz doazen uren banalerro berberetik. Dagoeneko, Belate mendateraino iritsi dira, hau da, Nafarroaraino heldu dira. Aurrean geratzen zaizkie Auritze, Orbaizetako Ola, Organbide lepoa … eta hainbat eta hainbat leku eder ezagutzeko.
Elkarlanaren ondorioz ere, aurten Alpeetan izan ziren gure mendizaleak – batzuk Tré La Tête glaziarrean eta beste batzuk Mont Blanc-eko gailurrean. Datorren urtean ere, Alpeetarantz antolatu nahi dute irteera bat Grand Paradiso (4.061 m.) edo Monte Rosa (4.634 m.) mendi gailurretara, hain zuzen ere.
Baina, irteera guztiak ez dira Alpeetara edo Pirinioetara izango ezta? Ez, senderismoa ere praktikatzen da, Euskal Herriko mendiak eta euskal geografian barrena mugitzen dira batez ere, gure neska-mutilak. Hemen ere makina bat mendi eta toki eder dagoelako -hor dira esate baterako, Lokiz, Valderejo, Adartza, Arkamo, Gibijo … eta hainbat eta hainbat mendizerra dotore- Euskal Herriko geografian zehar txango ezin hobeak antolatzen dituzte.
Baina irteerak, gogorrak al dira? Hauxe da askotan dugun kezka.
Egia esan, mendira joateko (eta are gutxiago OSTADAR eta GOIERRIrekin joateko), ez duzu dekatleta izan behar. Hori bai, mendian 5 edo 6 orduz oinez ibiltzeko fondo fisiko pixka bat izan behar duzu. Dena dela, gure ustez, mendira joateko arazoa ez da askotan fondo fisikoa edo eta indarra izatea edo ez izatea. Jendeari (gazteoi, batez ere), edozein igandetan goizeko 6etan jaikitzea ez zaigu batere gustatzen eta lerro hauek idazten duenari ere ez (nahiz eta mendira ia igandero joaten den). Hori -besteak beste- mendira ez joatearen arrazoietako bat dela uste dugu. Hala eta guztiz ere, parte har dezazuen animatzen zaituztegu – esan digutenez, Pio XII. -aren arau eta norma guztiak ondo betetzen dituzte-eta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide