Zumarragarra, azken 10 urtetan Donostian bizi den arren ez du herriarekin harremanik galdu eta sarritan etortzen da lagunartera. Euskara ikasteko asmoz, akademia, barnetegi eta baserriren batean egon den euskaldun berri honen esanetan, dudarik gabe Urretxu eta Zumarragako betiko lagunak izan dira, bere euskara irakaslerik onenak eta alor honetan laguntzarik gehien eskaini diotenak. Hizkuntza ondo barneratu duela argi dago, Martuteneko itzultzaile eskolan ikasi ondoren, Donostian, diputazioan itzultzaile moduan lanean ari baita azken hamar urtetan.
Lan hau oso gustuko duela ere, bistan dago, bere bizibidea izateaz gain, denbora libreko ordu asko eta asko itzultzeari eskaintzen baitizkio. Duela hilabete eskas, itzuli berri duen Betiko loa liburuaren aurkezpena egin da. Baina hau ez da hala ere, zumarragarrak itzuli duen liburu bakarra, orain arte lau liburu euskaratu baititu.itzultzailea, itzultzen ari denarekin identifikatu behar dela esan digu, liburua ondo ulertu, pertsonaien izaera barneratu eta idazlearen gainontzeko lanak irakurri, hau da, ahalik eta informazio gehien jaso behar omen da lan on bat egiteko. Iñakik baldintza hauek betetzen dituela esan daiteke, Hirugarren gizona liburuarekin Bizkaiko diputazioak eskainitako saria irabazi baitzuen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide