Nahiz bertan nahiz kanpoan izan, Zumarragako eta Urretxuko guztioi, eta inguruko herrietako hainbat eta hainbati, abendua hitza entzun bezain laster Santa Lutzi eguna datorkigu burura oroitzapenez eta bizipenez beterik.
Santa Lutzi eguna bizitzeko era desberdinak daudenez Santa Lutzi egun asko dagoela esan behar da. Lehendabizi, ganadu feriara saltzera edo erostera datorrena aipatuko genuke. Hau Urdaneta kalean eta, batez ere, goiz partean ibiliko da kalean gora kalean behera urtez urte bakanagoak diren moxalei eta begira, salneurriak galdetuz eta hala gertatuz gero, tratuan, zarata handirik gabe egindako tratuan. Beharbada zintzarriren bat erosiko du eta bazkaldu ondoren, laster hartuko du etxerako bidea. Baserritik bizi, edo behintzat inguruko baserrietan jaiotakoentzat ere abenduaren l3a egun berezia izango da. Batzuek bueltatxo bat eginda konformatu beharko dira, baina beste batzuk urteroko irteeratxoa egitera, hots, egun pasa, etorriko dira. Goizean abereak, barazkiak, oiloak, kapoiak, tresneria (betikoa eta azkeneko aurrerakuntzak) ikusi, herritar batzuekin topo egin, tartekoren bat badaukate beraien etxean edo bestela taberna batean bazkari ederra egin, montekristoa piztu, herri kirolak ikusi, aitzurren bat edo, mantaren bat edo zerbait erosi eta gustura etxeratuko dira. Datozen Gabonetarako despentsa prestatzeko asmotan erosketak egingo dituzten etxekoandreak ere izango dira. Ez dakit nongo barnetegiko euskara ikasleak ere euskara praktikatzeko, eta hemengo giro berezia ezagutzeko asmoz etorriko dira. Hauek segur aski, taloa txistorrarekin jango dute. Eta saltzaileak, turroia, ardoa, gazta, eztia, eta artisauak, eta rifak saltzen eta ez dakit zer zozketatzen…, eta lapurrak, eta saltzaileak… eta jendea… eta jendea… gure bi herriok saltzaileez, erosleez, jendez gainezka.
Argi dago Santa Lutzi eguna benetan bizi dugun eta bizirik dagoen, eta horregatik aldatu eta aldatzen ari den eguna dela.
Garai batean ganadu feriak, batez ere moxalen feriak , mendian, jendea bizi ez zen lekuetan izaten ziren. Ezkioko Anduaga haraneko Santa Lutzi baselizaren ondoan ere bazen horrelako feria bato Gipuzkoako juntek jendea bizi ez zen lekuetan feria egitea debekatzen zuen akordio batean oinarrituz. Urretxuk ganadu feria sortzeko baimena eskatu zuen eta baita baimena lortu ere 1727. urtean. Handik aurrera, eta hasiera hasieratik makina bat liskar izan zen Urretxu eta Zumarragaren artean, feria Urretxu-rena izan arren, Zumarragan ere izaten zelako. Zumarragak gero eta indar gehiago hartu zuen, azkenean, mende honetako berrogeita hamargarren hamarkada inguruan ganadu feria bereganatu zuelarik. Gaur egunean bi udalen artean antolatzen da Santa Lutzi eguna, hasieran ganadu feria zena, gaur egunean ganadu feria baina batez ere azoka dela esan dezakegu, bi herriotako biztanleontzat urteko egunik bereziena eta politena zalantzarik gabe.