Urretxu, mineraltzaleen elkargune (010. alea)
Jabier Aguado: “Ez da gutxi txikitako zaletasun batetik bizi ahal izatea”
Nola ulertzen duzu mineralogia?
JABIER AGUADO: Bilduma-zaletasunaren inguruan txikitatik sartu nintzen aitak eraginda, den a den aukera izan nuenean mineralogia serioski hartu nuen.
Bizi al daiteke mineraletatik?
J.: Hasierako zaletasun hori nire bizimodu bilakatu da eta ez da gutxi gustukoa duzun zaletasun batetik bizi ahal izatea.
Non lortzen dituzu mineralak?
J.: 1984. urtetik profesional gisa nabil eta honek hainbat leku desberdin ezagutzeko aukera ematen dit: Brasil, Paraguai, Estatu Batuak… Herrialde hauetako merkatuetan zenbait mineral erosten dut hemen saltzeko.
Esango al zeniguke Mineralogiakoaren jatorria?
J.: Urretxun zegoen museo mineralogiakoa suspertzeko, orain 8 urte egiten hasi zen. Gaur egun, nabaria da ekintza honek duen indarra herriko jendearengan. Garai hartan museoari indar berezi bat ematea premiazkoa zen, egun museoa ekintza mineralogiako guztien motorra izatea lortu dugularik.
Zein asmorekin datoz bildumazaleak?
J.: Falta zaien piezaren bat lortzeko datoz batik bat, salerosketa eta truke gune bat bilakatzen delarik. Askotan, salmentetatik lortutako dirua beste piezaren bat eskuratzeko erabiliko dute. Zenbaitzuk irabaziak soilik lortzeko etorriko dira, baina guk hasieratik garbi uzten dugu bilkura batera datozela. Horretaz gain irabaziak lortzen badituzte hobeto!
Nolakoa ikusten duzu jendearen harrera?
J.: Geroz eta positiboagoa, garrantzitsuena nire ustez informazioa izatea da eta badirudi jendeak baduela. Euskal Herriko jendeaz aparte kanpoko jendea ere gerturatzen da. Gauza hauetarako Urretxu gune geografikoa egokian kokatuta dago.
Nolakoa da antolakuntza lana?
J.: Gauza guztiek ondo lotuta egon behar dute, gauzak ezin dira azken unerako utzi. Lortutako emaitzaren atzean lan ordu ugari dago.
Non lortzen dituzu mineralak?
J.: Asteburuetan lagunekin batera hainbat erorketetara goaz, hauetan ezuste ugariekin topatzen garela. Irteera hauek, leku desberdinak ezagutzeaz gain, hauen gune historikoa, gastronomia … ezagutzeko aukera ematen digute honek aberastasun kultural bat suposatuz.
Zein mineral , eskuratzea gustatuko litzaizuke?
J.: Kristalizaturiko urre pieza bat baina garestia izateaz aparte zaila da lortzea.
Azkenik Jabier, kontatuko al zeniguke azken uneko albisteren bat?
J.: Bai, azken bolada honetan ideia bat darabilt buruan, urtarrilean Arizonako basamortura joateko asmoa dut. Bertara, urtarrila-otsaila bitartean Estatu Batuetako jendea hurbiltzen da eta merkatu antzekoa eratzen dute denetarik salduz: arropa, irrati zaharrak, mineralak…
Urretxu gune geografiko egoki batean dagoela kontutan izanik, Arizonan egindakoaren antzeko zerbait egitea gustatuko litzaidake. Udan, zenbait jende turismo mineralogiakoa egiteko zaletasuna du eta Urretxu hauen elkargune bilakatzea interesgarria dela iruditzen zait.
Ideia hau Kultur Departamenduari azaldu diot eta oraindik ez dut erantzunik jaso. Egokia litzateke Urretxu eta zonaldean mugimendu apur bat sortzeko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide