Santi Perez: "Maratoi bat bukatzeko asmoa dut oraindik..." (011. alea)
Santi Perezekin elkarrizketa bat izatea atletismo munduan barrena sartzea da. Gauza asko daki Santik, 16 urte zituenetik baitabil arlo honetan; gaur egunean ere entrenatzaile gisa ari da. Berak entrenatzen dituen guztien artean beharbada, Diego Garzia dugu ezagunena; horregatik, beste hainbat gauza interesgarriren artean, kirolari honen helburuen berri lehen iturritik jaso dugu solasaldi honetan.
Zein da atletismoan zure hasiera, bilakaera … konta iezazkiguzu zure markak, zein oroitzapen dituzun etab.
16 urterekin Institutuan ikasten ari nintzelarik, Luis Mari Frankoren gidaritzapean hasi nintzen korrika egiten frailetan. Gustuko nuen kirol hori, eta bertan talde bat zegoenez, nire izena eman eta hasi nintzen. Ordurako Urola eratuta zegoen eta ni bertan sartu nintzen. Denetik egin dut, 100 metrotatik maratoira bitarteko. Baina gehien landu izan dudana fondo erdia eta fondoa izan dira. Maratoian 2 h. 32 min. da nire marka eta l’ 57″ 800 metrotan. Oroitzapenei dagokienez denak onak dira, gauza txarrak erraz ahaztu baititut. Bereziki Donostian parte hartu nuen l. maratoia gogoratzen dut. Entrenatzen oso ondo pasatzen genuen. Nola entrenatu behar genuen ez bagenekien ere, ahal genuen moduan egin eta primeran pasatzen genuen.
Zu Urolan hezia zara. Nola dago gaur egun Urola Atletismo taldea? Nola ikusten duzu bere etorkizuna?
Lehenengoz eta behin, Urola Atletismo Taldea jadanik ez dela existitzen esan behar da. Orain Legazpi eta Urola izandakoa elkartuz, Goierri Garaia osatu dugu. Hau orokorki onuragarria izan da, beste arrazoien artean, orain arduradun gehiago gaudelako. Azkenaldian, pertsona gutxi ginen eta lan karga handiegia zen; hori dela eta, gure artean gogo eza sumatzen hasi ginen. Ez geneukan bultzadarik aurrera egiteko. Orain arlo horretan indartu egin gara.
Bestalde, etorkizunari dagokionez haurrak dira gure geroa baina ez dago sustapenik. Klubek ez dute eskolen laguntzarik jasotzen. Badago adin kritiko bat, gutxi gora behera 13 eta 16 urte bitartean. Adin horretan haur askok kirola egiten dute baino ez gustuko dutelako, behartuta sentitzen direlako baizik. Ez dut uste adin horretan behar bezalako bultzada ematen zaienik eta eskolek eta irakasleek horretan badute zereginik.
Diego Garziaren entrenatzaile zara gaur egun. Noiz hasi zen zuen harremana?
Duela 13 urte hasi ginen elkarrekin lan egiten, berak soldaduska amaitu zuenean, Santi Azurmendiren bitartez. Urolan hasi zen eta gaur egun Adidas taldean daga beste hainbat atleta ospetsurekin batera.
Nola ikusten duzu kirol arloan? Eta pertsonalki?
Kirolari bezala oraindik, 34 urte izanda ere, hobetzen ari da. Nire ustez maila altuan 1998rainoko bizitza dauka kirolari bezala. Aurtengo helburua bere denbora 2 h. 09seg.ra jaistea da, eta egin dezake. Gure ametsa Atlantako 96ko Olinpiadetan domina lortzea da eta horretara goaz. Duela oso gutxiko erabakia izan da apirilean maratoi bat bertan behera uztea, aipatutako helburua lortzeko asmoz.
Gure artean oso ondo konpontzen gara, Diego oso irekia baita. Badaki oso ondo zer nahi duen. Badaki 3 urte dauzkala eta apustu handia egiten du horregatik eta gerokoak geroko.
Amaitzeko Santik hemendik herriotako haur guztientzat deialdia luzatzen du: “Lagun asko egiten dira kirol honetan era momentu oso onak bizi izaten dira. Anima daitezela neska-mutilak euren zain baikaude”
Berak bitartean luzaro jarraituko du entrenatzen ahal duenera arte, Maratoi bat burutzeko asmoa du oraindik, eta benetan gogotsu ikusten zaio.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide