Pello Aranburu (012. alea)
Zumarragako Eitza auzokoa da, oso gazterik, 15 urterekin hasi zen lanean Unanue jatetxean eta Donostian irakasle-eskola ikasketak egiten zebilela ere, astebururo etortzen zen bertara. Irakasle ikasketak bukatzeko urte bete falta zitzaiola, sukaldaritza eskolan eman zuen izena eta ez du sekula damutzeko arrazoirik izan, goren mailako sukaldaritzan egotea lortu baitu.
Baina ospe handiko sukaldaria izan arreN, ez ditu ostalaritza munduan emandako lehen urratsak ahaztu eta atsegin handiz kontatzen ditu Unanue jatetxean Jose Mari eta Purirekin ikasitakoak. Han barneratu baitzuen, gero hain baliagarria izan zaiona, hau da, jakiak gustu eta mimo handiz prestatzeko trebetasuna.
Esperientzia handiko sukaldaria da, Igeldo, Getaria, Bartzelona Donostiako Nikolasan 3 urtetan, Bilbon edota Ibizako jatetxeetan ihardun baitu lanean. Egun, Arzakeko sukalde burua da, bost urte daramatza lan horretan eta 7 sukaldari eta 15 ikasle ditu bere kargu. Hauen guztien lana kontrolatzeaz gain, sukaldaritza lanez arduratzen da.
Euskal sukaldaritza estatu mailako onena eta mundu mailan, Txina eta Frantziakoarekin batera, hiru onenen artean dagoela uste du, eta Euskal Herriko etxekoandre eta zaletuen maila ona goraipatu du.
Askoren iritziaren kontra, diru gutxirekin ondo jan daitekeela aitortu du, sekretua, derrigorrez garestiak izan behar ez duten osagai onak erabili eta prestatzerako garaian jarritako dedikazioan omen dago.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide