Urte osoan gogor lan egiten dute gimnasia erritmikoko ikasleek (012. alea)
Beatriz Saiz, gimnasia erritmikoko eskolako irakaslearekin izan gara, kirol honen berri izateko. 13 urte daramatza Urretxuko Aldiri kiroldegian lan honetan eta bere esanetan, berak ere asko ikasi du, eta klaseak emateko moduan nabari omen da urtetako esperientzia. 100 ikasle dituen arren ederki ezagutzen du bakoitzaren ahalmena eta hau oso kontutan hartzen du koreografiak prestatzeko garaian. Irakaslea eta ikasleen arteko harremana oso ona dela ikusi izan genuen elkarrizketa egin genuenean.
Neskatila ugari ikusi dugu, guztira zenbat ikasle daude eskolan?
Gimnasia erritmikoko eskolak 100 ikasle ditu, guztiak neskak dira nahiz eta mutilak ere onartzen ditugun. Eskaera handia duen kirola da, baina azken urtetan ikasle kopurua mugatu egin dugu, talde handiegiak ez direlako egokiegiak behar bezala irakatsi eta ikasteko.
Zenbat talde daude eta zeren arabera egiten da banaketa?
Hiru talde daude eta batel ere adinaren arabera osatutakoak dira. Lehenengo taldean 8-9 urteko neskatilak eta hasi berriak biltzen dira. Helburua gimnasia erritmikoaren teknika jasotzea da, eta horretarako klaseak ahalik eta atseginenak izaten saiatzen naiz. Bigarren taldea 9 eta 11 urte bitartekoek osatzen dute, lehenengoaren jarraipena da, aurretik jasotako teknika lantzen da hemen. Hauxe da hain zuzen ere, garairik garrantzitsuena eta behar bada ikasleentzat aspergarriena, ariketak behin eta berriro errepikatu behar direlako. Hirugarren taldea nagusiek osatzen dute, koreografiako ariketak egiteaz gain, aurreko bi taldeetan erabiltzen ikasi dituzten aparailuak ere lantzen dira, soka, zinta, baloia, edota gabiko edo maza delakoa.
Dagoeneko ezagunak dira herrian eskaintzen dituzuen emanaldiak.
Urtero bi egiten ditugu, bata urte bukaeran eta ikasturte amaieran bestea. Ikasleak animatzeko eta lanean jarraitzeko gogoa pizteko antolatzen dira batez ere. Bakoitzak gutxienez hiru koreografia ikasi eta ikusleen aurrean erakutsi behar ditu. Hau asko gustatzen zaie eta gogo handiz eta gogor aritzen dira saioak prestatzen. Lan handia egiten dute ikasturte osoan zehar erakusketarik ez dagoenean txapelketak prestatzen jarduten baitugu. Erakusketak antolatzea, txapelketetan parte hartzen ez duten ikasleak animatzeko bidea ere bada.
Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan izan eta saririk ere eskuratu duzue.
Bai Gipuzkoako Txapelketan eta baita Euskadikoan ere, behin baino gehiagotan irabazi ditugu sariak, eta oso gustura gaude. Baina txapelketak oso garrantzitsuak diren arren eskola garrantzitsuagoa da, oinarria baita. Ikasleek hau ulertzen dute eta irabaztea oso gustuko badute ere, ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen gauzak nahi bezala irteten ez direnean eta hau goraipatzekoa da. Txapelketetan lagun asko egiten dituzte oso ongi pasatzen dute eta beraientzat nahikoa izaten da.
Aurten aurkeztuko al zarete lehiaketaren batera?
Otsailaren 18an hasi eta ekainera arte luzatuko da Gipuzkoako txapelketa, bertara joateko asmoa dugu eta dagoeneko taldeak bertan eskaini beharreko lana ezagutzen du eta hori prestatzen dihardugu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide