Mila Osinalde (014. alea)
Mila Osinalde zumarragarrak bizitza osoa darama musika munduari loturik. Bere amak txantxetan musikaren konpasa jarraituz jaio zela esaten omen zion. Sei urte zituela Don Juan Jose Belaustegi izan zuen bere lehen irakasle. Musikagile honengandik ahal zuen guztia ikasi ondoren, Garzia Piudo ahizpak irakasle zituela, Donostiako kontserbatoriora joan zen ikasketak amaitzera. Gainera, bere musika heziketa hobetzeko asmoarekin, hainbat ikasketa berezi burutu ditu; besteak beste, Paris eta Madrilen. Azken honetan gainera Carl Orffen metodoa ikasi zuen. Orotara, piano, organo eta solfeoko goi ikasketak eginak ditu.
Musika irakasle bezala hogeita hamar urte baino gehiago daramatza. Hasiera batean bere etxean hasi zen partikularrak ematen. Batxilerrean, musika, derrigorrezko ikasgaitzat jarri zenean, Urretxu eta Beasaingo institutuetatik deitu zioten bertan klaseak eman zitzan. Garai hartan 1800 ikasle izatera heldu zen.
1981. urtean, Zumarragan, Musika Ikastetxe ofiziala sortzeko aukera egon zen. Bete beharreko baldintza bat ikastetxe munizipala izatearena zen. Milak, hau ikusirik, udaletxera jo zuen aukera honen berri emateko eta udalak baiezkoa eman ondoren, Sekundino Esnaola Musika Ikastetxea sortu zen.
Etorkizuneko asmoen berri ematean oso itxaropentsu ageri da. Bere hiru ikaslek, Madrilen ospatuko den Concurso Nacional de piano Infanta Cristinan parte hartuko dute. Italiara ere, organo ikasleekin joango da ikasketa berezi batera. Osasunez ondo dagoen bitartean ez omen du jubilatzeko asmorik, oso gustura baitago.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide