Antzerkiak zaletu ugari izan ditu betidanik (015. alea)
Gure antzerki zaletasuna ez da gaur goizeko kontua. Egun, antzerki tailerrean gazte ugari lanean aritzea eta aurten Urretxu eta Zumarragako X. antzerki astea ospatzeko moduan izatea, ez da, beharbada, kasualitatea.
62-63. urte inguruan, antzerkirako zaletasun handia zuen Felixiano Arrieta zenaren gidaritzapean, gazte talde bat bildu eta antzerkia egiten hasi zen. Pasiotarren komentuko antzokian, bertan entsaiatu eta antzezten zituzten lanak. Helburua euskara bultzatzea zen.
Orduan euskara arazo politikoarekin lotzen zenez, pasiotarren komentuan guardia zibilen bisita ere izan zuten, bertan gazte talderik biltzen zen egiaztatzeko. Gezur txikiak bekatu ez direla ulertuz, praileak guardia zibilei bertan, gazterik biltzen ez zela erantzun behar izan zion, jakina.
Antzeztutako lan guztiak gogoratzea zaila bada ere, “Ehun dukat”, lehen antzezlana izan zena, “Osaba” edota “Txerrenzubiko gertakaria” lanak, ondo ikasi ondoren taularatutakoak izan ziren.
Felixiano Arrieta arduratzen zen zuzendari lanez, berak eskuratzen zituen antzezlanak eta berak banatzen zituen antzeztu beharreko paperak. Papera buruz behar bezala ikastea zen lanik zailena eta neketsuena.
Batzuetan, gainera,jendaurrean esan beharrekoaz ahaztu egiten zen aktorea eta orduan eskertzekoa izaten amen zen Gregorio Arrieta apuntadorearen lana. Inoiz, aktoreak esan beharrekoa ahaztu eta Gregorio, eszena luze osoa irakurri beharrean ere egon zen.
Hala ere, gehienetan bakoitzak bere lana ondo ikasia izango zuela pentsa daiteke, inguruko herrietatik, Legazpitik, Gabiriatik, Antzuolatik, … etortzen baitzen jendea antzerkira. Kanpotarrek, herritarrek baino zaletasun handiagoa zuten.
Herritik kanpo ere aritu ziren lanean, Beasain, Aginaga, Urnieta, Azpeitia edo Abadiñon esaterako. Behin Abadiñoraino joan eta emankizuna hastear zegoela, guardia zibilaren debekuagatik bertan behera utzi behar izan zuten funtzioa. Emanaldirik eskaini gabe bueltatu behar izan zuten etxera, baina bidaia ederki aprobetxatu zuten, bapo meriendatu ondoren, tripa beteta itzuli baitziren.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide