Goierri K.E.ko areto futbol taldeak bide onean aurrera (015. alea)
Futbol talde bat osatzeko zeuden zailtasunak ikusirik, Goierri K.E.koak areto futbolean saiatzea pentsatu zuten. Honela 1989an taldea osatzeko deialdia egin eta jokatzen hasi ziren. Ordutik hona herrian zaletasuna bultzatu, talde berriak atera eta bere maila etengabe hobetu dute.
Zenbat taldek osatzen duzue Goierri K.E.ko areto futbol saila?
Senior mailan mutilen hiru talde eta neskena ditugu. Bestalde eskolarteko ligan hiru talde ditugu: Jubenil mailan bat eta kadete mailan neska zein mutil talde bana.
Ze mailatan dago egun talde nagusia?
Senior taldea maila ezberdinetan ibili da. Gipuzkoako 3. mailan hasi eta estatu mailako Federazioaren Ohorezko mailara heldu zen. Ondoren Federazioa eta Liga bateratu eta nazional mailako 1go ‘A’ taldean kokatu gintuzten. Hiru urtetan zehar maila horretan jokatu eta aurten lehen maila autonomikoan gaude izan ditugun ekonomi arazoak direla eta. Liga Nazionalean jokatzeko aurrekontu handia behar da eta guk ez dugu hainbeste diru. Herrian oso maila altua dago eta brasildar pare bat taldean izango bagenitu edonorekin lehiatzeko ahalmena izango genuke. Kontutan izan behar da gainera jubenil taldeko hiru jokalari Andorran jokatuko den txapelketa batean arituko direla Euskadiko selekzioarekin.
Urretxu-Zumarragako jendea soilik al duzue taldean?
Guk antolatzen ditugun txapelketetan jokatzen duen jendea hartzeko ohitura dugu. Bergara, Eibar… inguruko taldeak maiz etortzen dira eta talde horietako jokalariren batek edo bestek gurekin jokatzen du.
Igotzeko itxaropenik ba al duzue?
Bai. Liga Autonomikoan aurreneko postuan gaude eta Maila Nazionalera zein Euskal Ligara jo dezakegu. Aipaturiko aurrekontu arazoak direla eta ez zaigu komeni nazional mailan aritzea, baina bai ordea Euskal Ligan. Jokalariek ere diru arazoak daudela ulertu eta taldean geratu dira nahiz eta dirurik ez jaso.
Jende asko joaten al da zuek ikustera?
Hasi ginenean, beti gertatu ohi den bezala, jende asko etortzen zen partiduak ikustera. Gero pixka bat jaitsi da, baina zalego ona dugula uste dugu.
Esperientzia bereziren bat izan al duzue?
Beno, Irene Villa zauritu zuen atentatuaren ondoren, Madrilen jokatu behar izan genuen, bertako zaletuek sekulakoak esan zizkiguten eta larri ibili ginen autobusez bertatik ateratzerako orduan. Hala ere, esperientzia gehienak oso onak izan dira, lagun asko ,egin ditugu eta baita paraje ederrak ezagutu ere: Errusia, Pontevedra, Tenerife…
Nola izan zenuten Errusiara joateko aukera?
Errusiarrek Federazio espainiarrari bidalitako fax batean bertara joateko talde bat eskatzen zuten eta azkenean gu joan ginen. Hamar egun zoragarri pasa genituen eta Errusiarrak oso ondo portatu ziren gurekin. Bertako Errepubliketako, Australiako… selekzioen aurka jokatu genuen eta finalerdietan iruzur egin ez baligute, txapelketa irabaziko genukeen.
Zer asmo duzue orain?
Lanean jarraitu eta ea aspalditik eskuartean darabilgun proiektu bat aurrera ateratzeko aukerarik dugun. Alegia, koadrilen arteko txapelketa luze bat antolatzea gustatuko litzaiguke. Dena den, instalazioak egoera txarrean daude eta bakoitzak berea jarri nahi ez duenez, urteak aurrera doaz eta oraindik ez dugu antolatzerik izan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide