Irrintzi: gure herriaren irrintziaren oihartzuna (015. alea)
Hilaren 27an egingo duten aktuazioaren bidez bere lana herriari erakutsi nahi diote
IRRINTZIk ibilbide luzea izan du eta hauen lekuko dugu 30. urteurrena oso hurbil izatea. Dena den, urteurrenaz aritzeko parada izango dugu bere garaian. IRRINTZIren hasiera 1967. urtean koka dezakegu. Garai hartan, La Salle ikastetxeko Santiago anaia irakasle gisa hasi zen Tomas Sadabarekin batera, dantza talde bat sortzeko grina piztu zuten zenbait gazterengan. Harrez geroztik, gauza asko pasatu dira baina nekeak neke egun ere IRRINTZI taldeak lanean dirau.
Nortzuk osatzen duzue Irrintzi dantza taldea?
Egun, taldea bitan banatzen da, handien taldea eta txikien taldea hain zuzen ere. Lehenengoan 25 bat lagun gara eta txikien taldean, berriz, 80 bat.
Zertan datza Irrintziren antolamendua?
Erabakiak asanblada bidez hartzen ditugu, partaide guztiek botoa dutelarik. Horrez gain, lau pertsonaz osaturiko batzorde bat ere badugu, hau urtez urte aldatzen da. Batzordeak zenbaitetan ideiak luzatzen ditu baina azken erabakia asanbladarena izaten da. Honek jendearen inplikazioa areagotzen badu ere, erabakiak hartzea zaildu egiten du.
Zein da zuen helburu nagusiena?
Euskal dantzak herri mailan mantentzea eta bultzatzea eta batez ere herriarentzat lan egitea.
Etorkizunerako ekintzak…
Hilaren 27rako dantzaldi bat antolatu dugu. Honen helburua batik bat gure lana eta dantzaldi honetan parte hartuko duten beste zenbait talderen lana (trikitilari, txalapartari, bertsolari, dultzainajole…) herriari erakustea litzateke. Onartu behar da, aktuazio gutxi izaten ditugula. Dagoeneko folklore aren boom-a pasa da eta gainera euskal dantza talde anitz dago. Guk egindakoa euskal dantzarentzat ez da erabakigarria baina bai herriarentzat. Ekintzekin jarraituz gure eginbehar garrantzitsuenak jaien eta Dantzari Txikiren antolamendua izaten da.
Zer nolako harremanak dituzue gainontzeko dantza taldeekin?
Inguruko herrietatako taldeekin primerakoa (Legazpi, Zegama:..). Normalean kanpoko taldeetako dantzak ikasi nahi ditugunean bertako partaideekin harremanetan jartzen gara eta hauek ondo erakusten saiatzen dira.
Aurretiko jarrera handia behar al da dantza talde batean aritzeko?
Diziplina minimo bat eta bakoitzaren aldeko erantzukizuna ezinbestekoa da, baita gure artean giro ona sortzea ere. Dantzan aritzeak jende eta lagun berriak ezagutzeko aukera ematen du eta juergak ere ez dira falta!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide