Jesus Mari Etxezarreta (015. alea)
Zumarragako Aranburu Etxeberrikoa, institutuko katedraduna da eta 27 urte daramatza irakasle lanetan. Egun, Deban bizi da eta Mutrikuko institutuan ari da eskolak ematen.
17 urtez Herri Literatura batzordean lanean aritu ondoren, martxoaren 29an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Maiatzaren 31n jasoko du Hizkuntz Akademiaren partaidetasunaren ezaugarri diploma eta bere egin beharra Euskaltzaindiaren helburuak betetzen laguntzea izango da.
Beti izan ditu gogoko bertsolaritza eta literatura, eta honen adibiderik nabarmenena olerkia, bertso idatzia edota narratibako Euskal Herriko lehiaketa ezagunetan lortu dituen sari ugariak dira. Tene Mujika, Balentin Enbeita, Basarri saria eta antzekoetan parte hartu du eta guztira 18 sari eskuratu ditu.
Dagoeneko gainera, hiru liburu idatzi eta argitaratu ditu, Zalantzaren aztarnak olerki liburua, Hasperen ttantta bihoztiak, bertso liburua eta berak oso ederki ezagutzen dituen bertsolari txapelketetako gorabeherak kontatzen dituen Bertsolarien desafio, gudu eta txapelketak izenekoa.
13 urtez bertsolari txapelketa egin gabe egon ondoren, 1980. urtean berriro ere ospatzen hasi zen. Jesus Mari orduko bertsolari txapelketako antolatzaile lanetan aritu zenetariko bat izan zen. Honetaz gain, Euskal Herriko hiru Txapelketa nagusitan eta gazte mailako askotan izan da epaimahaikide.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide