Larruazala ezberdina, eta zer? (015. alea)
Gure herrian bada arrazakeria kasurik
Oraingoan herrian gertatu da arrazakeria kasu bat. Izan ere, Urretxun bizi zen ijito familia bakarrak, herritik alde egiteko jasotako mehatxuez beldurtuta, bere bizitokia utzi eta Urretxutik alde egin behar izan du. Santa Barbara auzoa eta Mundo Mejor bitartean dagoen “Etxetxo” izeneko etxean, bizi ziren udaz geroztik, mehatxatutako senar-emaztea bere 7 seme-alabekin. Zaharkituta zegoen etxea txukuntzeko, uda garaian pintaketa eta konpontze lanetan ilusio eta gogo handiz aritzea alferrikakoa izan zaie. Etxe honetan urtebete egin aurretik, erabat izututa, dena bertan behera utzi eta alde egin behar izan baitute.
Duela hilabete larunbata gauez, gazte bat etxera joan zitzaien eta Urretxun ijitorik eta beltzik ez zutela nahi argitu ondoren, bizilekua uzteko mehatxua jaso zuten. Hau ez da izan, hala ere, familiak jasotako lehenengo mehatxua, inoiz “ijitoak kanpora” zioen pintadarik ere irakurri ahal izan delako hauen etxean.
Orain arte inorekin arazorik izan ez duen familia da, herrira ongi egokitu dena, baina badirudi orain, larruazala ezberdina izátea arazoa dela gure herrian.
Kalean, herritarren ahotan dabilen zurrumurrua da gertatutakoa eta kaltetua izan den familiako kideak erabat izuturik daudenez, ez du informaziorik eman nahi izan.
Guk, gertatukoaren berri emanez, informazioa eskaini eta honelako ekintzak salatu nahi izan ditugu lerro hauen bitartez. Onartu beharrean gaude gainera, askotan horretarako arrazoirik izan gabe ijitoak baztertzen ditugula, eta hau kritikagarria bada, orain gertatu dena, erabat ulertezina eta salatu beharrekoa da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide