- Urretxuarra
- 1984. urtean egin zuen bere lehenengo antzerki lan profesionala
- Bi urtez Concha Velascorekin batera “Carmen Carmen” lana antzezten aritu zen
- Antzerkia, zinema eta telebistan makina bat lan egindakoa da, baina antzerkia du gustukoen bertan ikusten baitu seguruen bere burua
- so kritikoa da lanarekin eta gutxitan omen dago gustura egindakoarekin
- Euskal Herriko ikastetxeetan drogaren aurkako Mundopolis lana antzezten dihardu orain
- Juan Luis Mendiaraz aktore urretxuarrarekin batera, Malena es un nombre de tango filmean lanean aritu berria da
- Irailean Euskal Telebistako Jaun eta Jabe telesaileko atal berriak grabatzen hasiko da
Noiz eta nola piztu zitzaizun aktore izateko grina?
Magisteritza ikasketak bukatu nituenerako antzerkian aritzea gustuko nuen. Eskolaurreko espezialitatea egin era lau urtetan haur txikiekin lanean ibili ondoren, antzerkirako nuen grina areagotu egin zitzaidan.1984. urtean irakasle lana utzi era antzerkian lehenengo lan profesionala egin nuen.
Beharrezkoa al da antzerki eskolan ikastea, antzezlea izateko?
Ni ez naiz antzerki eskolan ibili. Profesional moduan hasi nintzenean ; apenas nuen esperientziarik, lanean ikasi dut dakidan guztia, hala tokatu zaidalako. Behin lanean hasi eta gero hala ere, egin izan ditut antzerki ikastaroak.
Antzerkian, zineman eta telebistan ibilia zara, zein duzu alorrik gustukoena?
Antzerkiari, zinema edo telebistan lan egiteari baino askoz ere ordu eta dedikazio gehiago eskaini dizkiot. Lan sistemagatik eta horretan lan gehiago egin dudalako ziurrago sentitzen naiz antzerkian.
Desberdintasun handia al dago antzerkia, zinema eta telebistaren artean?
Lan egiteko modua erabat ezberdina da. Antzerkian, entseguek emanaldiek beste garrantzi dute. Denbora luzez entseatuz prestatzen dira lanak. Honek lanaz jabetu eta lana menperatzeko aukera eskaintzen du. Zine munduan, Zergatik Panpox, Hamaseigarrenean aidanez, 100 metro, 27 ordu, Lauaxeta, Ander eta Yul filmetan lanik egin dut, baina zineman ez dut nire burua egiten dudanaren jabe sentitzen oraindik. Antzerkian, neurri batean behintzat adierazi beharrekoa modu egokian antzeztea lortu dudala uste dut eta ez dakit hau zinema munduan lortzerik izango dudan.
Asteartero Euskal Telebistako Jaun eta Jabe telesailean ikusten zaitugu.
Umorezko telesaila da, bizimodu gogorraz eta politikaren mundu zorrotzaz dugun ikuspegia biguntzeko bidea eskaintzen duena. Arrakasta handia izan du eta jakin izan dudanez irailean atal berriak grabatzen hasiko gara.
Gustura al zaude bertan egindako lanaz?
Oso kritikoa naiz lanarekin eta gutxitan nago konforme egindakoarekin.
Antzerkiaz bakarrik bizi al daiteke?
Ekonomikoki, hilean behin emanaldi bat eskaintzea ez da errentagarria. Errentagarria izateko, lan bat baino gehiago egin behar izaten dira batera. Lanen konbinaketak ematen du, antzerkiaz bizitzeko aukera. Bestalde, emanaldi gutxi eskaintzea antzezlanerako ere kaltegarria da lanak ez duelako gora egiten. Antzezlan guztiek estreinaldi eta funtzioak behar dituzte antzezleek lana menperatu ahal izateko eta lanak gora egiteko.
Zertan zabiltza orain?
Gazteei zuzendutako drogaren aurkako Mundopolis lana antzezten dihardut ikastetxeetan. Bestalde, Malena es un nombre de tango filma grabatu berri dut Juan Luis Mendiaraz urretxuarrarekin batera.
Herrian antzezteko paradarik izan al duzu sekula?
Itzalonen bi lan antzeztu nituen Divinas Palabras eta Contactos Cabaret. Pagoeta antzokia estreinatu zenean ere komedia beltz bat antzeztu nuen bertan.
Zer moduzkoa da Pagoeta antzokia?
Urretxu eta Zumarragako egoera antzokiei dagokionez ez da ona. Itzalonek beharrezkoak diren arauak betetzen zituen baina Pagoeta eskasa da, zenbait lan ez dira hain eskenatoki txikian sartzen.
Ezagutzen al duzu herriko antzerki tailerra?
Ez dut ezagutzen baina entzun dudanez talde polita dabil lanean eta oso lan ona egiten ari dira. Oso ondo iruditzen zaizkit honelako taldeak.
Zer iruditu zaizu ospatu berri den Urretxu Zumarragako Josu Etxeberria X. Antzerki astea?
Lan guztiak ikusi ez baditut ere, ikusitakoak oso kalitate onekoak izan dira. Egitarau ona izan duen astea izan da.